'Lautan Hiru' jaialdiak zortzi jarduera eskainiko ditu, otsaileko ostegunetan

'Lautan Hiru' jaialdiak zortzi jarduera eskainiko ditu, otsaileko ostegunetan Ostegunean, tailer performatiboa egingo dute eta 'Putaren bakarrizketa eroetxean' lana ikusi ahal izango da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lautan-hiru-jaialdiak-zortzi-jarduera-eskainiko-ditu-otsaileko-ostegunetan/@@download/image/PRESENTACIÓN+PROGRAMA+TEATRO+LAUTAN+HIRU+2024-2.jpg
2024/02/06
Ostegunean, tailer performatiboa egingo dute eta 'Putaren bakarrizketa eroetxean' lana ikusi ahal izango da.
'Lautan Hiru' jaialdiak zortzi jarduera eskainiko ditu, otsaileko ostegunetan

Euskaltzaindiak eta Cafe Bar Bilbaok, Bira Kulturgunearekin eta 7Katurekin batera, antolatutako “Lautan Hiru, antzerki txikia festibal handia” euskarazko antzerki laburren jaialdiaren seigarren edizioak Bilboko Zazpi Kaleak jantziko ditu zortzi jarduerarekin. Otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an izango dira honako ekintza hauek: bost antzerki-lan, monologo bat, tailer performatibo eta parte-hartzaile bat eta bi irakurraldi dramatizatu. Gainera, “ikusleen kluba” ere egingo dute, EHAZErekin batera antolatuta.

Espazio hauetan izango dira ekintzak: BIRA, Café Bar Bilbao, Euskaltzaindia, 7Katu gaztetxea, AEKren Kalderapeko, eta La Singorga Kulturgunea.

Aurtengo edizioan "antzerkiaren gorputza" izango da ardatza. Hori dela eta, Ainhoa Artetxek eta Itxaso Payak tailer performatibo eta parte-hartzailea emango dute otsailaren 8an, gorputzaren adierazpen-kontzientzia lantzeko.  Egun berean, Laura Penagosen Putaren bakarrizketa eroetxean lana ikusi ahal izango da, 20:15ean, La Sinsorgan. 

Otsailaren 15ean, Iñigo Elosegi, Eneritz Sanchez eta Iñaki Cidek Duzhe Dobre taularatuko dute Biran, 19:00etan. Ordubete geroago, Amaia Bonoren Belarriprest izango da 7Katu gaztetxean.

Otsailaren 22an, 19:00etan, La Piel Konpainiak Lautan3 laguntzaren bidez gauzatutako Beren izenez emanaldia estreinatuko du, Kalderapekon. Telmo Iruretak Goya non-stop eskainiko du Euskaltzaindiaren egoitzan, 20:00etan.

Azkenik, otsailaren 29an, Cecilia Paganini eta Gorka Gansok ordu laurdeneko iraupena duen The Question estreinatuko dute, Euskaltzaindiaren egoitzan, 19:00etan. XXI. Cafe Bar Bilbao-Tartean sarietako lan irabazleen irakurketa dramatizatuekin itxiko dute egitaraua. Iñaki Ciden Arropa Zuria eta Pantzo Hirigarairen Dolu irakurriko dituzte, Cafe Bar Bilbaon, 20:00etatik aurrera.

Emanaldietarako bonuak eta sarrerak eskura daitezke. Bonuak zazpi eurotan daude salgai, eta egun bereko bi ikuskizunetara joateko balio dute. Ikuskizun bakarrerako sarrera ere eros daiteke, lau euroren truke. Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean eros daitezke. Bonua erosten dutenen artean hainbat opari eta proposamen zozketatuko dira astero.