Lautan Hiru antzerki jaialdia otsaileko ostegunetan egingo dute

Lautan Hiru antzerki jaialdia otsaileko ostegunetan egingo dute Sei antzezpen, solasaldi taularatua, irakurraldi dramatizatua eta Ganbila bildumaren aurkezpena izango dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lautan-hiru-antzerki-jaialdia-otsaileko-ostegunetan-egingo-dute/@@download/image/KoldoNarbaiza-Lutxo_Egia-PatxoTelleria-AndresUrrutia-MikelMartinez.jpg
2023/01/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Sei antzezpen, solasaldi taularatua, irakurraldi dramatizatua eta Ganbila bildumaren aurkezpena izango dira.
Lautan Hiru antzerki jaialdia otsaileko ostegunetan egingo dute

Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren bosgarren edizioak helburu berak izango ditu: euskarazko antzerkia hauspotu, sortzaileei antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini, eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragitea, kultura aukerak zabalduta.

Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: solasaldi taularatua, Patxo Telleriaren bakarrizketa, Ganbila bildumaren aurkezpena... Oro har, 20-40 minutuko piezak izango dira.

Otsaileko lau ostegunetan egingo dituzte emanaldiak: otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an. Bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Lautan hiru ekoizpenen artean izango da Matxalen de Pedrok gidaturiko Dramaren komeriak deseraikitzen, solasaldi taularatua. Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe antzerkigintzaren gakoak azaltzen ahaleginduko dira, modu umoretsu eta jostarian. Bestetik, Patxo Telleriak jaialdirako beren-beregi idatzitako Txizatoki bat eszenatokian eskainiko du. Otsailaren 2an izango da, 19:00etan, Euskaltzaindian. 

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu zen iaz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko dute, eta ikusle talde batek Maren Basterretxearen Igaro antzezlana aztertuko du. Igaro otsailaren 9an taularatuko du Basterretxeak, 7Katu gaztetxean. Ikusle-kluba aurreko egunean bilduko da, bizipenak partekatzeko. 

Sarrerak eta zozketak
Lan guztiak ikusteko bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira,  zazpi euroan. Bonua erosi duten zaleen artean 'opariak' zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira. Sarrerak erosteko aukera ere izango da, emanaldi bakoitzekoa lau euroan.