'Lautan Hiru' antzerki jaialdia datorren astean abiatuko da

'Lautan Hiru' antzerki jaialdia datorren astean abiatuko da Otsaileko lau ostegunetan izango dira ekintzak eta guztira hamaika emanaldi eskainiko dira. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lautan-hiru-antzerki-jaialdia-datorren-astean-abiatuko-da/@@download/image/lautan hiru albiste.png
2022/01/28

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Otsaileko lau ostegunetan izango dira ekintzak eta guztira hamaika emanaldi eskainiko dira.
'Lautan Hiru' antzerki jaialdia datorren astean abiatuko da

Euskaltzaindiaren mendeurrenaren ospakizunen baitan jaio zen Lautan hiru antzerki-jaialdiak laugarren edizioa jarriko du martxan datorren astetik aurrera. Euskarazko antzerkia hauspotzea eta sortzaileei antzezlanak erakusteko guneak eskaintzea du xede jaialdiak, eta baita Bilboko Parte Zaharreko giroan eragitea ere, kultura aukerak zabalduta. Antolatzaileek jaialdia indarberrituta datorrela nabarmendu dute, "berrikuntzaz josita": Ikusle kluba, haurrentzako tartea... Otsaileko lau ostegunetan -3an, 10ean, 17an eta 24an- izango dira antzerki emanaldiak Bilboko Parte Zaharrean. 

Gehienbat, formatu txikiko lanak izango dira jaialdian, iraupenari zein muntaketari dagokionez, eta, oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira. Lau agertokitan egingo dituzte emanaldiak: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); eta 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak).

Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen 2020an. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da antzezlanagatik. Pieza hau otsailaren 24an estreinatuko dute 7katu gaztetxean.

Bestetik, umeei begirako ekintzak ere izango dira. Hala, datorren ostegunean, otsailaren 3an, txotxongiloen tailerra egingo da 7Katu gaztetxean, Zurrunka konpainiaren eskutik. Bi txandatan egingo da (17:30ean eta 18:30ean), eta txanda bakoitzean hamabi ume sartuko dira. Horretarako, aurretik lekua gorde beharko dute gurasoek, helbide honetara idatziz: info@euskaltzaindia.eus (izena eta telefono zenbakia eman beharko dute).

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu da aurten. Ikusle talde batek Eneritz Artetxe aktorearen Lakoste antzezlana aztertuko du. Lakoste otsailaren 3an taularatuko du Artetxek (BIRAn), eta ikusle kluba bezperan bilduko da, Euskaltzaindiaren egoitzan, 18:30ean. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, antzezlanez gogotik gozatzeko.

Hauxe da antolatu duten egitarau osoa: 

OTSAILAREN 3a:

  • 17:30 (7katu gaztetxea): Haurrentzako txotxongilo tailerrak. 60 minutuko bi txanda. 6-11 urtekoentzat. Zurrunka teatroa. Izen-ematea: info@euskaltzaindia.eus / 944 158 155
  • 19:00 (Euskaltzaindia): Susanaren iraultza / Esther Carrizo (50’)
  • 20:00 (BIRA): Lakoste / Eneritz Artetxe (40’)

OTSAILAREN 10a:

  • 19:00 (Cafe Bar Bilbao): Zure sotoko ardoa / XIX. Cafe Bar Bilbao saria - Irakur-keta dramatizatua (25’)
  • 20:00: (BIRA) Ogiak hizketan baleki / Mamiak kolektiboa - Josune V. Mendizabal (45’)

OTSAILAREN 17a:

  • 19:00. (Euskaltzaindia): Artistak eta kazetariak 1.0 / Kaitin Allende (25’)
  • 20:00. (7katu): Ipuin-kontalaria / Maite Arrese (35’)
  • 21:00. (Euskaltzaindiaren egoitzatik abiatuta): Noiz utziko dio euria egiteari / Piszifaktoria Ideien Laborategia (20-30’)

OTSAILAREN 24a:

  • 19:00 (Euskaltzaindia): Tribis – baserri galdue / Jon Ander Urresti (50’)
  • 20:15 (7katu): Udaberria heldu da / Les Bobe Bobe (35’)
  • 21:15 (BIRA): Tatxan magia ikuskizuna / Imanol Ituño + Yogurinha Borova (35-40’)

Sarrerak eta zozketak
Urteroko legez, bonuak eta sarrerak jarri dira salgai. Bonuak 5 eurotan eskura daitezke, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango dute erosleek (3an eta 10ean bi antzezlan; eta 17an eta 24an hiru). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da,, emanaldi bakoitzeko 3 euroren truke. Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturan salduko dira, agortu arte. Bonua erosi duten zaleen artean opariak zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira.

Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, Cafe Bar Bilbaorekin, Zazpi Katu gaztetxearekin eta BIRA Kulturarekin batera.