Lau umore-ikuskizun izango dira Iruñeko IrriZiklon

Lau umore-ikuskizun izango dira Iruñeko IrriZiklon Antton Telleria, Beatriz Egizabal eta Jon Plazaola izango dira, besteak beste, oholtzan arituko direnak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lau-umore-ikuskizun-izango-dira-iruneko-irriziklon/@@download/image/nekatutakanttontelleria.jpg
2023/02/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Antton Telleria, Beatriz Egizabal eta Jon Plazaola izango dira, besteak beste, oholtzan arituko direnak.
Lau umore-ikuskizun izango dira Iruñeko IrriZiklon

Iruñeko Udalak IrriZiklo euskarazko umore-zikloa antolatu du martxoaren 3tik 29ra, Nafarroako Antzerki Eskolan. Lehen saioa, hilaren hirukoa, Antton Telleriarena izango da. Nekatutak bakarrizketa egingo du, zuzentasunaren mugekin jolasean. 

Martxoaren 9an, antzerki-inprobisazioari egingo diote tokia. Inprofestakzioa izeneko ikuskizunean, Xabier Flamarikek, Garazi San Martinek eta Xabier Artiedak  ikusleek proposatutako gaiei helduko diete eta eszena dibertigarriak sortuko dituzte. Aldi berean, M’Artek zuzeneko musika eskainiko du. 

Jon Plazaolaren Irabazi antzezlanaz gozatu ahal izango da martxoaren 22an. Hauxe da ikuskizunaren nondik norakoa: "Egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da: edozein zanpatzeko prest gaude besteen gainetik geratzeko. Baina Felixek ez daki zer den hori. Bizitza guztian ez du ezer irabazi, ez da irabazle sentitu… erdipurdikoa izan da beti. Hala ere, bere esparru erosoa aurkitu du inora ez daraman bidegurutze horretan, bere bizitza patetikoa justifikatu eta zentzua ematen dion dekalogo bat eratuz".

Azkenik, Beatriz Egizabalen Magma mía! bakarrizketak itxiko du zikloa, martxoaren 29an. Emakumeei, beren sentsazioei, sentimenduei, haserreei eta presio sozialari buruzko bakarrizketa feminista izango da. 

Saio guztiak 19:00etan hasiko dira, Nafarroako Antzerki Eskolan. Sarrerak Eskolako webgunean edo txarteldegietan eros daitezke, bost euroan. Lau ikuskizunetarako abonamendua ere badago, 16 euroan.