Lau sosen truke

Lau sosen truke https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lau-sosen-truke/@@download/image/41p26-1_1368100768.jpg
2004/05/07
erreportajea
Ainhoa Irazu
Bidaiatzea gogoko duen gaztea aurkitzea ez da batere zaila. Gure patrikaren tamainako bidaia aurkitzea da zailena.

Oporrak  direla eta, itsulapikoa hustear zaude, zenbat diru duzun jakiteko; gutxi, seguruenik. Hala ere, horrek ez dizu bidaiatzeko gogoa kenduko. Baina joan aurretik ondo antolatu beharko duzu guztia, nahi duzun leku horretara iristeko eta bertan gozatzeko. Beraz, nora joan pentsatzen hasi baino lehen, kontuan izan ohi baino merkeago bidaiatzeko zenbait txartel daudela: nazioarteko ikasle eta gazte txartela, nazioarteko aterpekide txartela, mendizale federatu txartela…

Nora jo
Tokiari dagokionez, mundua handia da. Hala ere, ez da lekutara joan behar ondo pasatzeko. 

Jose Maria de la Eso Iruñeko Halcon Bidaiak enpresako kideak esan digunez, "mendiaren eta hondartzaren artean egiten dute hautua gazteek". Beste hainbeste esan digu Javi Fernandez Gasteizko Gorbea Bidaiak-eko kideak: "Mendira ala hondartzara joaten dira gazteak, antzeko neurrian". Pirinioak dira mendizale gehienen jomuga. Eta hondartzan ipurdiz gora egotea atsegin dutenena? Kanariar Uharteak, Frantziako Landak, Bretainia…

Nola joan
Trena eta autobusa dira gazteek gehien erabiltzen dituzten garraioak, merkeenak direlako. Europara joan nahi baduzu, Interrail txartela —www.interrail.com—  hartzea komeni zaizu. Europako zortzi zonaldetan hilabetez bidaiatzeko aukera izango duzu 339 euroren truke —26 urte baino gutxiago izanez gero—. Renfeko harrera zerbitzuko kideek esan digutenez, "asko dira txartel hori hartu ohi duten gazteak"

Non lo egin
Argi duzu nora joango zaren. Baina non lo egingo duzu? Hamaika aukera daude horretarako: hotelak, ostatuak, aterpeak, kanpinak, apartamentuak… Hori bai, prezioak asko aldatzen dira batetik bestera. Beraz, aukera ondo aztertzea da onena: salneurriak, zerbitzuak, kokapena… Eta atera kontuak!

"Gehienetan merkeenera jotzen dute gazteek, eta arriskutsua da: merkea dirudiena garesti bihurtzen da askotan", esan digu Jose Maria de la Esok. Nolanahi ere, zein da eskaintza biribilena lortzeko sekretua? "Azkeneko momentura arte itxarotea, eskaintza merkeena lortzeko", dio Fernandezek. Arriskurik ere badu aukera honek, noski, bidaia merkeena hartzeko aukera ez baitago ziurtatua.

Zer bazkaldu eta afaldu?
Agentzia baten bidez joatea erabakiz gero, gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko aukera emango dizute. Baina, zure kasa joanda nola konponduko zara?

Onena etxetik ondo prestatuta joatea da. Beraz, ez ahaztu honakoak eramaten: labana, plastikozko edukiontzi txikia, paperezko zapiak… Eta zergatik ez? Etxean erositako gazta eta txorizoa. Horrela, zauden tokian zaudela ere, bat-bateko otordua prestatzeko aukera izango duzu. Bestela, hortxe izango dituzu eguneko menuak.

Kulturan murgilduta

Lo egin, jan eta bertako kulturaz eta bizimoduaz gozatu. Horixe egin ohi dugu oporretan.

Kulturaren truke dirua ordaindu behar da gehienetan. Hala ere, museo gehienetara doan sar daiteke zenbait egunetan. Era berean, dohaineko kultur jarduerak badaude. Heldu ahala, zoaz tokiko turismo bulegora kultur eskaintzaren berri izatera. Hala ere, kalea bera tokiko bizimoduaren erakusleiho paregabea izan ohi da.

Ezinbestekoak


Jarraian aipatutako txartelak oso baliagarriak izango dituzu oporretan. Txartelak egiteko, argazkia eta NA-a eskatuko dizkizute. Galdetu zure herriko gazte bulegoan.

Nazioarteko ikasle eta gazte txartelak
Beherapenak izango dituzu, garraioan, museoetan, zenbait bidaia agentziatan… Ikasle txartela egiteko ikasle zarela egiaztatu beharko duzu.

Nazioarteko aterpekide txartela
Gazte Aterpeen Nazioarteko Federazioko kide diren herri guztietako aterpeetan beherapena egingo dizute.

Kanpin nazioarteko txartela
Beherapenak zenbait kanpinetan. Gainera, istripu bat izanez gero, seguruak ordainduko ditu kalteak.

Mendizale federatu txartela
Abantailak: beherapenak aterpeetan eta babes segurua.