Lau koreograforen lanak ikusi ahal izango dira Tabakalera Dantzan jaialdiaren laugarren edizioan

Lau koreograforen lanak ikusi ahal izango dira Tabakalera Dantzan jaialdiaren laugarren edizioan Bihar, hilak 17, Belgikako Vera Tussing konpainiaren 'The Palm of Your Hand #2' lana eskainiko da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lau-koreograforen-lanak-ikusi-ahal-izango-dira-tabakaleta-dantzan-jaialdiaren-laugarren-edizioan/@@download/image/kaaitheatr_vera_tussing_-_damon_de_backer_-_002.jpg
2023/08/16
Bihar, hilak 17, Belgikako Vera Tussing konpainiaren 'The Palm of Your Hand #2' lana eskainiko da.
Lau koreograforen lanak ikusi ahal izango dira Tabakalera Dantzan jaialdiaren laugarren edizioan

Musika Hamabostaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak Tabakalera Dantzan zikloaren laugarren edizioa antolatu dute. Olatz de Andrés zikloaren koordinatzailearen hitzetan, "programa osatzen duten piezak testuinguru eszenikotik atera eta beste aurkezpen-espazio batzuk betetzen dituzten sorkuntza bereziak dira eta helburu dute begiradak ikuspegi berrietara zabaltzea. Gainera, tokiko zein nazioarteko proposamenak aurkezten dira".

Bihar, hilak 17, Belgikako Vera Tussing konpainiak The Palm of Your Hand #2 lana aurkeztuko du, 18:30ean eta 21:00etan, Tabakalerako Patioan. Piezak performer-en eta publikoaren arteko negoziazio aktiboa proposatzen du, ukimena erabilita, eta elipse batean kokatuta, espazio eszenikoa mugatzen du. Interpreteek eta publikoak elkarrekin deskubritu eta egiten duten bidaia da. 

Hurrengo egunean, ostiralean, Poliana Limak, Madrilen bizi den koreografo brasildarrak, bitan, 12:00etan eta 19:30ean, eszenaratuko du Las cosas en la distancia bere lana, plazan. Dispositibo koreografikoa da, zortzi dantzariren presentzian oinarritua, eta dantzaren berezko dramaturgia proposatzen du: "Mugitzen ez diren haien gorputzetatik, hainbat norabidetan astindutako zutabeetatik, indarkeriaz eta kontrolik gabe jaurtitako besoetatik, zutik dirauten emakumeen gorputzen poetika da nagusi. Indar eta intentsitateak zeharkatzen dituzten gorputzak; azken batean, bere antzinako erresilientzia munduan egoteko modu gisa aurkezten duen emakumeen gorputz kolektiboa".

Egun berean, 19:00etan, Dani Hernandez sortzailearen Córdoba Drone ikuskizun ibiltaria izango da, plazatik abiatuta. Isaac Albenizen Cordoba partitura begirada garaikide batetik berrikusten duen pieza da. Tradizioa berrikusi eta berrinterpretatzen duen sorkuntza izanik, jakinduriaren herentzia eta soinu, estetika eta kezkak ageri dira horretan: "Oroimenetik, nire haurtzarotik eta nerabezarotik. Etapa horretako nahiak berreskuratuz eta orain nagoen ikuspegitik begiratuz. Espainiako musika eta dantza tradizionalaren klasiko batekin topo egin eta berau nire ibilbide artistikoan zehar izandako kezkak eta bizitako esperientziak aintzat hartuta lantzea. Betidanik izan dudan bihozkadatik abiatuta berraztertzen eta berridazten dut".

Blanca Arrietak Eso lana erakutsiko du hilaren 19an, 20an, eta 22an, 20:30ean. Arrietak publikoarekin partekatuko du uztailetik abuztura egindako sorkuntza-egoitzan garatutako lanaren emaitza. Koreografoak That Time. Arte Ederren Bilboko Museoa – Tabakalera du lanerako abiapuntu eta oinarri. Sortzailearen hitzetan, "Eso gorputz baten erritmo eta isiltasunen bidez gertatzen den oro da, leku honetan eta denbora horretan. Zer, orain? Denbora ez dagoelako geldirik, lekuak, ordea, bai. Eso isiltasunetik abiatzen da. Gorputzen lasaitasuna inguratzen duen isiltasuna eta elkarri begiratu eta entzuten diren gauzak. Zerbait edo norbait mugitzen den unean, hemen, kokapenaren kontzeptua aldatu egiten da. Lan honek mugimenduaren lengoaiaren inguruko galdera batzuk planteatzen ditu: zein indarrek bultzatzen dute eta zer zentzu du? Nola definitzen da betetzen duen espazioa? Nola elkarreragiten du eta zer harreman sortzen ditu? Zein gorputz, obra horien aurrean?".

Poliana Lima, Dani Hernández eta Blanca Arrietaren ikuskizunak doakoak dira, eta sarrera librea dute lekua bete arte. Vera Tussingen konpainiak emango duen saio bikoitzerako sarrerak salgai daude www.quincenamusical.eus webgunean.