Las Culebras: "“Koktel ona gara”"

Las Culebras: "“Koktel ona gara”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/las-culebras-quotkoktel-ona-garaquot/@@download/image/2010562662LAS_CULEBRAS_1.jpg
2010/05/07
elkarrizketa
Raul Perez
Sigi-sagan dabiltza Olaia Heep eta Kristeen Sixteen gitarra jotzaileak, Marga Malaria baxua eta Carmen Butterfly bateria. Iruñeko sugeak dira. 'Marvellous' diskoa kaleratu berri dute eta han hemenka dabiltza. Hilaren 14an, etxean, Atarrabiako Totem aretoan botako dute beren pozoia. Honatx, Olaia Heepek kontatutakoa. 

Bigarren diskoa atera berri duzue. Zer alde sumatu duzue aurreneko lanarekin?
Aldea? Nik bi diskoetako kanta bana hartuz gero, ez nuke bereiziko zein den lehen diskokoa eta zein bigarrenekoa. Hori bai, taldekide guztiok abestu dugu oraingoan, eta denok prestatu ditugu abestiak. Lehen diskoan bazeuden Kristinaren kantak eta Kristinak eta biok prestatutakoak. Lan berrian, ordea, Marga baxu jotzaileak pare bat egin ditu, Kristinak eta biok ere beste batzuk osatu ditugu eta Carmen bateria jotzailea abesten hasi da. Laburbilduz, disko aberatsagoa da. Las Culebrasen estiloari eutsi diogu. Kantak ezberdinak dira elkarren artean, baina denek dute gure nortasuna.

Eta nolakoa da Las Culebrasen nortasuna?

Bereziak gara gitarren riff-engatik eta ahotsekin egiten ditugun jokoengatik. Oro har, freskotasunagatik. Guztioi gustatzen zaigu 70ko hamarkadako rock and rolla, eta gero nork bere kutunak ditu: rhythm and blues, countrya… Horrek aberastasuna dakar.

Zer gai gustatzen zaizkizue gehien abestiak egiteko?

Amodioa, sexua, droga... Bai, badakit horrek bat egiten duela rock and rollaren mitoarekin, baina guk ez ditugu gai horiek horregatik aukeratzen, baizik eta barnean ditugulako. Ez dugu aldarrikapen sozialik egiten, aldiz.

Nola joan da sorreratik gaur egunerainoko bidea?

Gure asmoa jotzea besterik ez zen, hau da, ez genuen taldea sortzeko asmorik. Baina jendeari gure abestiak gustatzen zitzaizkiola sumatu genuen hasiera-hasieratik, Koktel ona osatu genuen-edo. Oso ongi aprobetxatu genituen etorri zitzaizkigun aukera guztiak; pozik gaude. Joan den urtean, Gramonesekin jo genuen Frantzian eta Indye Go Jonesekin Manchesterren (Ingalaterra) egon ginen; oso gustura ibili ginen.

Zuei buruzko aipamenetan nabarmentzen da ez dela ohikoa horrelako rock talde bat topatzea, alegia bakarrik emakumez osatutako taldea topatzea.

Niretzat gauza arrunta da, eta aunitz talde daude. Bartzelonan, adibidez, The Lizards dago; denak neskak dira, oso gogor jotzen dute eta Europan barrena dabiltza biran.