Larunbatean jokatuko da Hernandorena sariketaren finala, Senperen

Larunbatean jokatuko da Hernandorena sariketaren finala, Senperen Kanporaketetan sailkatutako sei bertsolari gazte arituko dira kantuan, arratsaldeko zazpietatik aitzina. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-jokatuko-da-hernandorena-sariketaren-finala-senperen/@@download/image/albistea hernandorena.png
2024/05/08
Kanporaketetan sailkatutako sei bertsolari gazte arituko dira kantuan, arratsaldeko zazpietatik aitzina.
Larunbatean jokatuko da Hernandorena sariketaren finala, Senperen

Hernandorena sariketako bi kanporaketa jokatu ziren apirilean Hendaian eta Irisarrin eta bertan erabaki ziren finalistak: Haira Aizpurua Ibargarai, Irantzu Idoate Funosas, Maddi Aiestaran Iparragirre, Izaro Bilbao Arostegi, Jon Mendiluze Mujika eta Danel Herrarte Nafarrete. Finala larunbatean jokatuko da, 19:00etan, Senpereko Larraldean.

Xalbat Alzugaray izango da gai-jartzailea eta epaile lanetan, berriz, Zuhaitz Olazabal, Iban Thikoipe eta Ainhoa Sarasua arituko dira. Saioaren ondoren mokadutxoa izango da. 

16-22 urte arteko Euskal Herriko hamabi bertsolarik hartu dute parte aurtengo edizioan. Finalean kantatuko duten bertsolariez gain, honako hauek ere aritu dira sariketan: Ibai Lekuona, June Diaz, Aiantze Lannes, Maddi Agirre, Josu Txoperena eta Beñat Astiz. 

Iparraldean bi urtez behin egiten den sariketa da Hernandorena, eta helburua eskolarteko txapelketako ibilbidetik plazako ibilbidera jauzia ematen ari diren hogeita bi urte arteko gazteei beren burua ezagutarazteko parada ematea da, lagun arteko norgehiagokan.