Larunbatean jokatuko da Euskal Herriko Eskolartekoa

Aetz Etxart, Beñat Astiz, Daia Harluxet, Danel Herrarte, Eki Mateorena, Haira Aizpurua, Irantzu Idoate, Izaro Bilbao, Jon Mendiluze, June Aiestaran, June Diaz eta Maddi Agirre arituko dira bertsotan 34.Euskal Herriko Eskolartekoan. Araba, Gipuzkoa, Nafarroa, Bizkaia, eta Ipar Euskal Herriko eskolartekoetan sailkatuta lortu dute Euskal Herrikorako txartela.
Unai Iturriaga bertsolari durangarrak jantziko dio txapela irabazleari. Txapela bakarrak jantziko duen arren, "elkarrekin bertsoaz gozatzea eta ikasturtea jai giroan biribiltzea" izango da asmoa, Bertsozale Elkarteak adierazi duenez.
Saioa goizeko hamaika eta erdietan hasiko da Iurretako Kepa Arroitajauregi frontoian. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena eskuratu beharko da www.bertsosarrerak.eus atarian.
14 eta 18 urte bitarteko gazteei jendaurrean bertsotan aritzeko plaza eskaintzea eta zaletasuna bultzatzea da Eskolartekoaren helburua. Ikastolen Elkarteak eta Bertsozale Elkarteak antolatzen dute egitasmoa.