Larunbatean hasiko da 'Teknopolis' saioaren 25. denboraldia

Larunbatean hasiko da 'Teknopolis' saioaren 25. denboraldia Zientzia, teknologia eta berrikuntza gaiak jorratuko dituzte, ohiko legez, eta klima-larrialdia izango da ardatzetako bat. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-hasiko-da-teknopolis-saioaren-25-denboraldia/@@download/image/Babesleak_Lantaldea.JPG
2022/09/20

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zientzia, teknologia eta berrikuntza gaiak jorratuko dituzte, ohiko legez, eta klima-larrialdia izango da ardatzetako bat.
Larunbatean hasiko da 'Teknopolis' saioaren 25. denboraldia

Irudi berriarekin eta ikusleak zientziara gerturatzeko asmoz dator Teknopolis saioaren denboraldi berria, hogeita hamar minutuko iraupena izango duten atalekin. Euskal Herriko eta munduko hainbat txokotako gaiak jorratuko dituzte eta Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea aurten ere. Bera arituko da zuzendari lanetan ere, Nagore Rementeria Argoterekin batera.

Saioaren denboraldi berrian hainbat gai landuko dituzte: laborategiak, olatuak, ekosistemak, etorkizuneko elikadura... Klima-larrialdia ere presente izango da halabeharrez. “Norbanakook ezin diogu iskin egin, eta Teknopolisen kasuan azkenaldian ohartzen hasiak ginen ia gai guztietan agertzen zitzaigula. Gure erantzukizuna ere bada klima-larrialdiari buruzko informazio zehatza eta zorrotza ematea eta aditzera ematea zenbateraino eragiten duen aldaketa global horrek”, azaldu du Leturiak.

Urteurrenen garaia da, gainera, saioaren hogeita bosgarren denboraldiak Elhuyarren berrogeita hamargarrenarekin bat egiten baitu. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, "50 urte zientziaren zabalkundean, euskara ardatz, Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera”.  Elhuyarren helburua komunitatea eraikitzea izan dela beti gogorarazi du Abrilek, eta Teknopolis saioak ere horretan diharduela: “Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleiho aparta izateaz gain, herritarrak hezteko eta ikuspegi kritikoa eraikitzeko egiten dugu lan”. Elkarlana ere ezinbestekotzat jo du koordinatzaile nagusiak: “Hau ezin dugu guk bakarrik egin. Komunitate oso baten laguntza beharrezkoa da: babesleak, ikerlariak, dibulgatzaileak, eta, jakina, zientzia-edukiak kontsumitzen dituzten herritarrak”.

Saioa larunbatetan emango dute, 13:30ean, ETB1en, eta igandetan, 12:15ean, ETB2n.