Larunbatean egingo dute Usopop jaialdia

Larunbatean egingo dute Usopop jaialdia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-egingo-dute-usopop-jaialdia/@@download/image/usopop_2_1364284498.jpg
2013/03/26
berria
Musika berriak eta amalurra batzen dituen jaialdia da Usopop, eta aurten lehen aldiz, urtaroz aurreratu eta maiatzaren 4an egingo dute. Besteak beste, bertan ariko dira Bigott zaragozarrak eta Wilhelm & The Dancing Animals nafarrak.


Iaz hasi zituzten berrikuntzak Usopop musika jaialdian: batetik, data uztaila hasierara aurreratu zuten, eta bestetik, kokalekua Lizarrietako belaunetik Sara herrira bertara lekualdatu zuten. Aurtengoan, berriz, espazio berbera baliatuko duten arren, data are gehiago aurreratzea erabaki dute, eta udatik udaberrira pasa da jaialdia, maiatzaren 4ra.

Euskal Herritik nahiz atzerritik etorritako musikari independenteak bildu ohi ditu Usopop-ek, eta ingurumenarekin harremanetan, jaialdi lasai eta irekia prestatzen dute antolatzaileek. Horregatik, sarrera erabat librea da.

Aurtengo edizioan ariko diren taldeetatik biren izenak egin dituzte publiko oraingoz: Zaragozako Bigott taldea, eta Wilhelm & The Dancing Animals nafarrak. Lehenak Blue Jeans izeneko diskoa argitaratu berri du, eta bertako kantak aurkeztuko ditu Saran. Bigarrenek, aldiz, pop eta folk doinuak nahasten dituzte, eta iaz kaleratutako The War of The Species laneko piezak entzunaraziko dituzte.

Datozen asteetan zehaztuko dituzte gainerakoak, eta kartel txukuna osatuko dute denen artean. Animatu paraje zoragarriez eta musika onaz gozatzera!

Usopop Diskak


Jaialditik haratago, diskoetxea ere sortu du Usopop-ek, eta martxoaren erdialdean beren lehen erreferentzia lana argitaratu zuten: Aguxtin Alkhat lapurtarraren Ihes Egin disko laburra. Bakarlariak hainbat lagun izan ditu alboan oraingoan, besteak beste, Willis Drummondeko Xan Bidegain eta Felix Buff, Sister Simone and The Holy Balls taldeko lagunak eta Okabeko Julien Labat.