Larunbatean egingo dute AKADantz lehiaketa

Larunbatean egingo dute AKADantz lehiaketa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-egingo-dute-akadantz-lehiaketa/@@download/image/aka_dantz_1390913216.jpg
2014/01/28
berria
Larunbatean egingo dute AKADantz lehiaketa
Arriola Antzokiak, Elorrioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin, AKADantz dantza urbanoen lehiaketa antolatu du beste urte batez. Larunbat honetan izango da, otsailak 1, 18:00etan, eta master nahiz junior mailako taldeak ariko dira BreakOnStage jaialdirako gonbidapena lortu nahian.


Funkya, housea, urban dancea, hip hopa, break-dancea, lockinga, poppinga… Asko dira euskal gazteek dominatzen dituzten dantza estilo urbanoak, eskoletan nahiz lagunartean ikasi ostean perfekzionatu eta ikuslego zabal bati eskaintzeko mailan barneratzen dituztenak. Eta hain zuzen, dantzarekiko zaletasun horri bide emateko asmoz, Elorrioko Arriola Antzokiak AKADantz izeneko lehiaketa jarri zuen abian orain hamar bat urte. Pixkanaka, arrakasta eta dimentsio zabalagoa eskuratu eta BreakOnStage Europa mailako kultura urbanoaren jaialdi erraldoi bilakatu da.

Dena den, jatorrizko AKADantz mostra mantendu egin dute antolatzaileek, festa handira iristeko aurrekari gisa. Izan ere, bertan aritzen diren taldeen artean bost BreakOnStage jaialdian gonbidatu gisa parte hartzeko aukeratuak izaten dira.

Larunbat honetan
2014ko AKADantz jaialdia larunbatean egingo dute Arriola Antzokian. Ikuskizuna 18:00etan hasiko da, eta master (16 urtetik gorako) eta junior (15 urtetik beherako) kategorietan banaturik, house, new style, hip hop, popping, jazz, dantza modernoa, garaikidea eta beste hainbat estilo uztartuko dituzte bi eta hamar lagun arteko taldeek.

Ekitaldiaren helburua dantza urbanoekiko zaletasuna konpartitzen duten gazteentzako topagune izatea da, eta egiten duten horretan jarraitu dezaten, indarra eta animoak ematea.

Epaimahaiak originaltasuna, sormena, trebezia, musikarekin duten sinkronia, talde lana eta markatutako iraupena errespetatzea (hiru minutu, batez beste) hartuko ditu kontuan talde onenak zeintzuk diren hautatzerako orduan, eta master eta junior kategorietako irabazleek diru-sariak eta BreakOnStagerako sarrerak eskuratuko dituzte, hurrenez hurren, arestian aipaturiko gonbidapenez gain.

Parte hartzaileen zerrenda itxita dagoen arren, emanaldiaz gozatzera hurbildu zaitezkete oraindik. Zatoz gorputza astintzera!