Larunbatean Bilbon Egunkaria Aurrera

Larunbatean Bilbon Egunkaria Aurrera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-bilbon-egunkaria-aurrera/@@download/image/200912168039egunkaria2-copia2.png
2012/12/13
berria
Larunbatean Bilbon Egunkaria Aurrera
Bost euskaltzale ezagun auziperatzen ditu Audientzia Nazionalak. Egunkaria kasua ireki nahi izan dute berriro, itxieratik zazpi urte pasa direnean. Bilbon manifestazioara deitu dute larunbat honetarako. Euskalgintza, sindikalgintza, politika, eta kultur munduko hainbat aurpegi ezagunek bat egin dute deialdiarekin eta protesta erraldoia izatea espero da. 

2003an, Egunkaria itxi zutenean, Donostian inoiz ezagutu den manifestazio handiena abiatu zen Antiguotik. Agerikoa zen atxilotuei egozten zitzaizkien delituak faltsuak zirela, ibilbide ezaguneko euskalgintzako erreferente batzuk izanik ETAren buruzagitzako kide zirela esaten baitzuen Audientzia Nazionalak. Agerikoa zen, baita, polizia operazioaren helburu nagusia euskaraz egiten zuten egunkari bakarra isilareztea zela. Eta atxilotuek torturak jasan zituztela adierazi zutenean erabat sutu zen euskal gizartea.

Zazpi urte igaro dira ordudanik. Orduan erabat agerikoa zena are nabarmenagoa da orain poliziak ez baitu fundamentuzko frogarik aurkeztu. Euskarazko egunkari berria martxan jartzea ere lortu da bitarte honetan, hutsetik hasita eta kaleko jendearen diruarekin, baina auziperatuak ez dituzte bakean utzi.

Fiskalak auzia artxibatzea eskatu zuen, frogarik ez dagoelako. Audientzia Nazionalaren istorian gisa honetako auzi batean hori gertatzen den lehenengo aldia da. Baina AVT eta Dignidad y Justizia bezalako eskuin muturreko bi akusazio partikularren eskutik aurrera egin du auziak. Eta joan den astelehenetik aurrera Madrilen dira Juan Mari Torrealdai, Iñaki Murua, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga, inputatu gisa deklaratzen. Auzi beraren baitan Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Begoña Zubelzu eta Fernando Furundarena ere auziperatu dituzte delitu ekonimikoak egotzita, baina hauena noiz hasiko den oraindik ez da ezagutzera eman.

Auzipetuek euren aldeko atxekimendu andana ari dira jasotzen euskalgintza, sindikalgintza, unibertsitatea, politika, kultur mundua edo kirol munduko aurpegi ezagunen aldetik. Honela, Iñaki Goirizelaia EHUko errektorea, Bernardo Atxaga idazlea, Pedro Miguel Etxenike zientzilaria, Carlos Garaikotxea lehendakari ohia, Xabier Arzallus EBBko lehendakari ohia, Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohia, Fermin Muguruza abeslaria, Jesus Mari Zamora Errealeko jokalari ohia, Josu Zabala musikaria,  Andres Urrutia Euskaltzaindiako burua...

Bilboko Aita Donostia plazatik abiatuko da manifestazioa, arratsaldeko 17:00etan. Duela zazpi urte Donostian burutu zena bezain jendetsua izatea espero dute antolatzaileek.

Informazio gehiago eta atxekimendua emateko formularioa: http://www.berria.info/egunkaria/