Larunbatean abiatuko dute Andoainen Argazkialdia ‘13

Larunbatean abiatuko dute Andoainen Argazkialdia ‘13 https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbatean-abiatuko-dute-andoainen-argazkialdia-13/@@download/image/argazkialdia_13_1368432502.jpg
2013/05/13
berria
Argazkigintza oinarri harturik, hamaika erakusketa, tailer eta solasaldi eskainiko dituzte Andoainen larunbat honetatik, maiatzak 18, datorren hilaren erdialdera bitarte Argazkiladia ’13 ekimenaren baitan. Herriko kale eta aretoak argazkilari amateur nahiz ibilbide luzeko profesionalen irudiz beteko dira.


Kultura eta herriko merkataritza sustatzea du oinarrizko helburu Argazkialdiak, eta horretarako kale, taberna eta dendak erakusleiho huts izatetik museo inprobisatu izatera igaroko dira datorren hilabetean. Jose Badia, Maider Kuadra eta Eduardo Arreseygor bezalako profesional onduen irudiak ikusgai izango dira, eta haiekin batera, baita lan bikainak egin arren ikuslegora heltzea kostatzen zaien argazkilari gazteagoenak ere.

Inaugurazio ekitaldia maiatzaren 18an, larunbata, egingo dute Bastero Kulturgunean, 18:00etan, eta horren ostean Wilhelm & The Dancing Animals eta Oreindik taldeen kontzertua izango da Gaztetxean, 22:30etik aurrera.

Olatu Talkarekin bat
Argazkialdiak Donostia 2016 egitasmoarekin bat egingo du, izan ere, Gipuzkoa osoan eraldaketa sozial eta kultural txikiak pixkanaka sorraraztea dute jomuga biek. Horretarako, Argazkialdiaren baitan antolatutako zenbait ekitaldi maiatzaren 24tik 26ra lurralde osoa hartuko duen Olatu Talka egitarauan barneratuko dituzte.

Besteak beste, Alejandro Castellote eta Pablo Arteche argazkilari profesionalen eskutik XXI. mendeko argazkigintza eta Argazkilaritza estenopeikoa izeneko tailerrak eskainiko dituzte hilaren 25ean eta 26an, goizeko 10:00etan hasita biak, Bastero Kulturgunean eta Urigain Etxean, hurrenez hurren.

Halaber, Maider Kuadrak, Eduardo Ulangak eta Eduardo Arreseygorrek hitzaldi bana eskainiko dute hilaren 18an, 24an eta 31n Basteron. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu agenda.

Ekitaldi bereziak


Egitaraua borobiltzeko, honako jarduera bereziak aipatuko genituzke. Apuntatu zure agendan, gazte!
  • Maiatzaren 24tik 26ra, Argazki Rallya Donostian.
  • Maiatzaren 25ean, gaueko 11:00etan, Lightpainting saioa Donostiako Haizearen Orrazian.
  • Maiatzaren 25ean, Donostiako Gipuzkoako plazan Estudioa kalean jarriko dute.