Larunbat honetan, V. Euskaraz Bizi Eguna Zarautzen

Larunbat honetan, V. Euskaraz Bizi Eguna Zarautzen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbat-honetan-v-euskaraz-bizi-eguna-zarautzen/@@download/image/20128295739Euskara_Eguna.jpg
2012/12/13
berria
Larunbat honetan, V. Euskaraz Bizi Eguna Zarautzen
Zarauzko Euskal Herrian Euskaraz eta AEK euskaltegiak antolatuta, V. Euskaraz Bizi Eguna egingo dute larunbat honetan, irailaren 1ean. Goizeko 11:00etan herri lasterketarekin hasiko da egitaraua, eta bazkari herrikoirik ere ez da faltako. Animatu!

Euskara osasunez urratu lelopean, euskararen alde egun berezia antolatuko dute larunbat honetan Zarautzen. Aurtengoan euskarak osasunaren alorrean duen presentzia indartzea da helburua, eta horretarako jai giroan egingo dute aldarrikapena. AEKk eta EHEek, Zarauzko Udalaren laguntzarekin, egun borobila prestatu dute.

Goizeko 11:00etan abiatuko da herri lasterketa Musika Plazatik, eta bertan amaituko da. Parte hartzeko, goizeko 10:30etatik aurrera eman beharko da izena 6 euroren truke. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da ibilbide zaila izango, eta eguerdiko herri bazkarirako gosez iristeko aukera paregabea da.

Hain zuzen, 14:30etan, leku berean, egingo dute bazkari herrikoia. Bazkalosteko giroa alaitzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte plazan bertan, eta ondoren kalejiran txosnetara abiatuko dira haur, gazte eta helduak. 18:30etan izango da hori.
Amaiera, musikaz
Egunari amaiera bikaina emateko, Gurekin Jaik antolatuta kontzertua izango da txosna gunean. Ongi pasatzeko eta euskararen alde, euskaraz eginez lagun artean gustura egoteko aukera aparata izango da larunbatekoa.