Larunbat honetan, Harria 100 ekitaldia Donostian

Larunbat honetan, Harria 100 ekitaldia Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbat-honetan-harria-100-ekitaldia-donostian/@@download/image/201210168937harria_1.jpg
2012/12/13
berria
Larunbat honetan, Harria 100 ekitaldia Donostian
Harriaren eta harrijasotzaileen azken 100 urtetako historiari aitortza egiteko jaialdia antolatu dute urriaren 20an Donostian. Harria 100 ekitaldiaren baitan, izen bereko liburua aurkeztuko dute beronen egileek, bi urtez egindako ikerketa lana agerian utziz. Halaber, harrijasotzaileen erakustaldiak, musika eta dantza uztartzen dituen ikuskizuna eta herri bazkaria ere ez dira faltako larunbat honetan.

Harria 100 ekitaldia harriaren eta herri kirolen alorrarekin arduratuta dauden sei laguneko taldeak sustatu du. Etorkizunera begira, indarrak batu eta lanean jarraitzeko helburua duen ekimena izango da, eta kiroletik haratagoko egitaraua osatu dute horretarako.

Hasteko, Harria liburuaren aurkezpena egingo dute goizeko 11:00etan San Telmo museoan. Beronen egileak, alegia, Patxi Jauregi, Joseba Urretabizkaia eta Miguel Iriarte izango dira bertan. Harrijasotzaren sustatzaileei, izen handiko kirolariei, bizirik dauden 100 harrijasotzaileri eta harri mitikoei omenaldia egiten die liburuak, eta ez du aurrekaririk.

12:30etan herri kirola, musika, antzerkia eta dantza uztartzen dituen ikuskizun berritzailea aurkeztuko dute Oreka Tx-k, Kukai dantza konpainiak, Amaren Alabak kantariek eta hainbat herritako kirolari eta ekilibristek. Victoria Eugenia antzokian izango da, eta Aimar Irigoien, Idoia Etxeberria eta Urdax Magunazelai harri jasotzaileek errekor saiakerak egingo dituzte.

Herri kirolarekin eta euskal folklorearekin gozatzeko parada izango dute bertaratuek. Sarrera eskuratzeko, sartu hemen.

Bazkaria eta omenaldia


Baina eguna ez da eguerdian amaituko. Ikuskizunaren ostean, herri bazkaria egingo dute Manteo kiroldegian. 800 pertsonentzako lekua izango da, eta kirolariei omenaldia egingo diete bertsolariz eta zuzeneko musikaz lagundurik.
Sarrerak, hemen.