Larunbat honetan, Etengabeko Zarata Jaialdiaren X. edizioa Donostian

Larunbat honetan, Etengabeko Zarata Jaialdiaren X. edizioa Donostian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbat-honetan-etengabeko-zarata-jaialdiaren-x-edizioa-donostian/@@download/image/20121025890etengabeko_zarata.jpg
2012/12/13
berria
Buenawista Prolleckziom's eta Donostia Kulturaren elkarlanetik sortutako musika jaialdia da Etengabeko Zarata, eta aurtengoan X. urteurrena du. Festibala egun bakarrera murriztu zuten arren, gau osoan zehar zazpi talderen musikaz gozatzeko aukera izango da Donostiako Larratxo kulur etxean.

Izenak berak dioen bezala, larunbat honetan, urriak 6, etengabeko zarata nagusituko da Donostiako Larratxo auzoan. Izen bereko kultur etxean arratsaldeko 19:30etan hasiko da musika, eta gaueko ordu txikiak arte iraungo du. Gelditu gabe, atsedenik hartzeko betarik gabe, zazpi talde igoko dira eszenatokira.

Kanadatik, Italiatik, Portugaletik, Valentziatik, Segoviatik eta baita Euskal Herritik ere etorritako taldeak dira aretoa burrunbaka jarriko dutenak. Indartsu datoz denak, eta jaialdi borobila eskaini nahi dute, urteurrenak merezi duen moduan.

Honakoak dira jaialdian parte hartuko duten zazpi taldeak:

Diskoirää


Zarautarrak Larratxon ariko diren hirugarren aldia izango den arren, aurten lehen aldiz barneratu dituzte kartelean Diskoirää taldekoak; izan ere, aurreko aldietan ordezko moduan igo ziren eszenatokira. Baliteke taldeak denbora luze batean eskainiko duen azken kontzertua izatea, abeslaria kanpora joatekoa baita, eta beraz, Helio-Core! motako musikaz gozatzeko aukera paregabea izango da larunbatekoa.

Entröpiah


Segobiatik etorritako taldeak hamar urte baino gehiago daramatza musika egiten, eta Europatik egiten ari diren bigarren biraren azken kontzertua izango da asteburu honetakoa. ThrashCore musika gogorra nahasten du Entröpiah-k.


Derrota


Hamar urteko ibilbidea dute bizkar gainean valentziarrek, eta gure artean izan diren aldi guztietan bikain aritutakoak dira. NeoCrust eta rock"n"rollaren arteko nahasketa indartsua ekarriko dute oraingoan ere Derrota taldeko lagunek.

Besta


Portugaleko taldea da Besta, eta orain hilabete gutxi sortu bazen ere, kideak hainbat taldetan aritutakoak dira. Lehen lana kalean dute dagoeneko, eta Europa osoan zehar egingo duten biraren aurretik, aurreneko geraldia egingo dute Larratxon.

Psychofgist


Italiako musikariek jazz doinuak ekarriko dituzte jaialdira, HD ukituekin nahasturik. Besteak beste, Herbehereetako Bloodshed Festivalean ere izango dira Psychofgist-eko lagunak, beren lan berria aurkezten.

Massgrave


Europatik egiten ari diren bigarren bira da Massgrave kanadarrena, eta Disrupt!-en joera jarrituz, saltoka jarriko dituzte ikusleak. Musika gogorra dakarte.

Möb 47


Europako HC eta punk estiloaren aitzindarietakoak dira, 1981ean hasi baitzuten ibilbidea. 2002an atseden aldi bat hartu zuten arren, indartsu itzuli zen Möb 47 hiru urteren ostean, eta hirukoteak nerbioa eta grina galdu ez duela erakutsiko du baita larunbat honetan ere.