Larunbat honetan Beldur Barik topaketak Gasteizen

Larunbat honetan Beldur Barik topaketak Gasteizen https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbat-honetan-beldur-barik-topaketak-gasteizen/@@download/image/20121119378beldur_barik_kartela.jpg
2012/12/13
berria
Indarkeria sexistaren hamaika aurpegiak ezagutarazteko eta gazteen artean hausnarketa bultzatzeko sortu zen orain lau urte Beldur Barik programa. Lehiaketatik haratago, topaketak, herri ekimenak eta hainbat jarduera abiatu dituzte, eta 2012ko egitarauari asteburu honetan emango diote amaiera borobila, Gasteizen egingo dituzten topaketen bidez. Tailerrak, eztabaidak, ikuskizunak… ez dira faltako.

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da, eta horren inguruko kanpainari loturik, Eudelek orain lau urte abiatu zuen Beldur Barik programa. Hainbat erakunde eta instituzioren laguntzaz, Beldur Barik plataforma sortu eta hortik hainbat jarduera garatu dituzte, beti ere, helburu bakarrarekin: gazteak indarkeria sexistari buruz pentsatzen jartzea eta haien inplikazio aktiboa sustatzea.

Hala, aurten hirugarren urtez abian jarri zuten Beldur Barik bideo lehiaketa. Emakumeen aurkako diskriminazioak ikusarazten dituzten lanak aurkeztu dituzte bertara gazteek, eta Sarean ikusgai dira, nork bere bozka emateko. Lanen oinarriak, besteak beste, errespetua, berdintasuna, askatasuna eta autonomia dira.

Hain zuzen ere, lehiaketako irabazleen izenak aditzera emango dituzte asteburu honetan Gasteizen egingo dituzten topaketetan, eta sari potoloak banatuko dituzte bertan.

Tailerrak eta eztabaidak
Larunbat honetan, azaroak 24, arratsalde osoko ekintzak antolatu dituzte Artium museoan. 16:30etatik aurrera komikigintza tailerra, teknologi berrietako sorkuntza feministari buruzko tailerra, gorputzarekin gozatzen ikasteko tailerra, eta autodefentsa feminista ikastaroa eskainiko dituzte.

19:30etan ekintza kolektiboen txanda helduko da, eta lehiaketaren sari banaketaren ostean, luntxa eta Ez da kasualitatea bertsolaritza ikuskizuna helduko dira.

Ongi pasatzeko, eta eraso sexisten, autodefentsaren, maitasunaren, sexualitatearen edo gorputzeko harremanen inguruan pentsatzeko aukera izango da, Euskal Herri osoko neska-mutilekin batera. Animatu!

Eta gehiago...


Programari buruzko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, edota antolatutako herri-ekimenen berri izateko, sartu Beldur Barik webgunean eta egin zure ekarpena, gazte.