Larunbat honetan aurkeztuko dute EH 11 Kolore ekimena

Larunbat honetan aurkeztuko dute EH 11 Kolore ekimena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/larunbat-honetan-aurkeztuko-dute-eh-11-kolore-ekimena/@@download/image/eh_11_kolore_az_1360743346.jpg
2013/02/13
berria
Euskal Herria 11 Kolore herri ekimenak hasierako atxikimendu aurkezpena egin eta aniztasuna aldarrikatzeko asmoz ekitaldia antolatuko du larunbat honetan —otsailak 16— Bilbon. Eguerdiko 12:00etan hartuko dute hitza bozeramaileek, eta musikaz, dantzaz eta bertsoz lagunduko dute jaialdia.


Euskal Herria 11 Kolore gure herrian bizi dugu jatorri aniztasunari buruz hausnartzeko asmoz sortutako herri ekimena da. Izan ere, Euskal Herrian bizi garen guztiak, bertakoak ala atzerrikoak izan, euskal herritarrak gara; eta hemen jaio baina atzerrian bizi diren euskaldunak ere, euskal herritarrak dira. Euskal populazioa anitza da, kolore askotakoa, eta hori izanik bere ezaugarri nabarmenetako bat, defendatu eta babestu egin behar dugu.

EH 11 Koloreren helburuak, besteak beste, euskal herritar guztien eskubide eta betebeharren berdintasuna defendatzea, kultur aniztasuna babestea, jatorri anitzeko euskal herritarren arteko elkarlana sustatzea eta gaiari buruzko etengabeko gogoeta eta elkarrizketak eragitea dira.

Dagoeneko Kepa Junkera, Mikel Urdangarin, Oreka Tx eta Gose musikariek; igor Elortza bertsolariak; Ramon Barea, Josu Bilbao, Garbitxu eta Mikel Martinez aktoreek; eta Iñaki Perurena, Xabier Euzkitze eta Dani Alvarez komunikatzaileek, besteren artean, eman dute beren atxikimendua.

Aurkezpen ekitaldia
Larunbat honetan, beraz, —otsailak 16—, ekimena aurkezteko eta atxikimenduen berri emateko gizarte ekitaldia egingo dute Bilboko Bilborock antzokian, eguerdiko 12:00etan.

Samira Goddi Mendizabal eta Xoxe Estevez, egitasmoaren bozeramaileak, emango dute orain artekoaren berri, eta haiekin batera, eszenatoki gainean, ez da musikarik, dantzarik eta bertsorik faltako Lidia Lorenzo flamenko dantzari ermuarraren, txalapartarien eta Maialen Lujanbio eta Arkaitz Estiballes bertsolarien eskutik.

Bertara joan nahi izanez gero, mesedez, konfirmatu asistentzia ekimenak@eh11kolore.net helbidera idatziz. Halaber, egitasmoari atxikimendu eman nahi badiozu, sartu beren webgunean.