Lapurtarren Biltzarra egingo dute igandean Uztaritzen

1979an martxan jarritako ekimenak 2017an izan zuen azken edizioa, hurrengo urtean ez baitzuten antolatzeko modurik izan. Talde antolatzaileak ez zuen lekukoa pasatzeko inor topatu eta, ondorioz, bertan behera geratu zen. Gazteek berriz motibazioa topatu dutela eta, bueltan da Lapurtarren Biltzarra. Igandean, urriak 3, elkartuko dira Uztaritzen lapurtarrak.
Gainera, Uztaritzeko jendeaz gain, inguruko beste herrietako jendea ere inplikatu dela jakinarazi dute, azken aldian horretan herren egiten zuela somatzen baitzuten. Hala, Uztaritzeko gazteez gain, Larresoro, Zuraide, Jatsu, Haltsu, Angelu, Beskoitze, Itsasu edota Kanbokoak ere badira talde berrian.
Egitarauari dagokionez, karro-desfilea egingo dute 11:00etan, gaitero, erraldoi eta bertsolariekin. 12:30ean mutxikoak izango dira, Erdizka taldeak animaturik. Jarraian, 13:00etan, Xalbador kolegioaren aldezko bazkaria egingo dute, Kuxkuxtu txarangak giroturik. Arratsaldeko 17:00etan herri musikak eta 18:00etan Andoni Ollokiegiren emanaldia izango dira. Azkenik, 20:00etan, Astobaba musika taldea arituko da.