Lanarekin erreta? 'burnout' sindromea izan dezakezu

Lanarekin erreta? 'burnout' sindromea izan dezakezu Horren gazte eta dagoeneko nekea, energia falta eta antsietatea dituzu? Adi! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lanarekin-erreta-burnout-sindromea-izan-dezakezu/@@download/image/496800929-1280x640.jpg
2018/06/04
berria
Horren gazte eta dagoeneko nekea, energia falta eta antsietatea dituzu? Adi!
Lanarekin erreta? 'burnout' sindromea izan dezakezu

Lanean urte gutxi eman arren, dagoeneko erreta sentitzen dira gazte asko; nekea, energia falta, antsietatea, depresioa... etengabe zabaltzen ari diren gaitzak dira. Baina nola da posible 30 urte bete aurretik dagoeneko kiskalita egotea? Horietako bat bazara, baliteke burnout sindromea izatea.

 

Lana eta antsietatea sinonimoak dira egun jende askorentzat, eta beti ez da enpresaren errua (ez erabat behintzat). Gizartea aldatu da eta norbera bere buruarekin askoz gogorragoa eta zorrotzagoa da. Horregatik, askotan gu gara antsietate horren eragileak; dena egin nahi dugu azkar eta ondo, eta lan karga handiak onartzen ditugu ondoren laguntza eskatzeko gai ez garen arren.

 

 

Baina dena ez da gure errua; eskolatik irakatsi digute lehiatzen, onenak izaten, etengabe ikasten, ondoren lan prekarioetan saltoka ibiltzeko; eta zer esanik ez autonomoen kasuan. Egungo lan kontratuak ez dira onenak nerbioak kontrolatzen ez dituztenentzat. Eta zer sentitzen du burnout sindromea bizi duen batek? Lana ez dela inoiz amaitzen, berdin duela zenbat saiatzen den, arazoak ez direla inoiz amaitzen, gainezka egiten duela...

 

 

Eta okerrena da, egun kezka eta zama guzti horiek etxera eramaten ditugula. Ez dakigu deskonektatzen; horregatik, etxera iritsi eta nekeak bertan jarraitzen du. Eta zer egin sindrome honi aurre egiteko? Mugak jartzen hasi; gehiegizko ardurak hartzeari utzi, lana etxera ez eraman, eta finean, deskonektatzen eta denbora libreaz gozatzen ikasi. Lortuko ote duzu?