Adituek diotenez lana aurkitzeko lan abilezia hauek ikasi behar dira 2025. urtea baino lehen

Osasuna da guztion lehentasuna noski, baina ekonomia ere ez da atzean geratzen. Lana beraz, beharrezkoa dugu, baina zoritxarrez COVID-19a dela eta lan egiteko aukerak izugarri urritu dira. Hala ere, birusari gaina hartu ahala, adituek diotenez, lan aukerak hobetuko dira.
Oraingoz, egoerara egokitzea besterik ezin dugu egin eta honek gure bizitza estiloan aldaketak ekartzeaz gain, lan munduan ere sekulako iraultza ekarri ditu. Telelana horietako bat besterik ez da. Gure lan trebeziak hobetu eta berrasmatu behar ditugunaren konbentzimendua da beste bat. Hori dela eta, behar berriei aurre hartu beharra dago, adituen ustez 2025. urtea baino lehen.
Zein dira gehien eskatuko diren lan trebetasunak etorkizunean?
Sektore digitalarekin edukiko dute zerikusia profil profesional eskatuenak. Batez ere, eskatuko dena bezeroekin modu digitalean pentsatu eta komunikatzea izango da, adituen iritziz.
Profil horietako batzuek datuen analisiarekin zerikusia dute, ziberseguritatearekin eta marketin digitalarekin. Alta, beste trebetasun motak ere beharrezkoak izango dira, soft skilss deitutakoak. Hau da, errukitasuna, solidaritatea, enpatia, sormena, berrikuntza, maitasuna eta sentimenduak, oro har. Hau da, makinek sortu ezin ditzaketen eta ordezkatu ezein daitezken gaitasunak. Beraz, pertsona sortzaileak, berritzaileak, konprometituak eta teknologikoak izango dira beharrezkoak. Makinak ekoizpen prozesuaz arduratzen badira eta beste errutinazko lanez, hauek erabiltzen dituen pertsonak pentsamendu kritikoa, analitikoa eta berrikuntzakoa eduki beharko ditu ahalik eta erabaki onenak hartzeko.
Lidergotza eta norbere buruaren lider izatea erakundeek baloratuko dituzten beste gaitasunak izango dira. Ez da nahikoa izango baliabideak eta zereginak kudeatzen jakitea, baizik eta besteak motibatu eta duten onena emateko gogoa piztea arazoen aurrean. Inteligentzia emozionala beharrezkoa izango da beraz, besteen eta norberaren emozio negatiboak ulertu eta kudeatzen jakiteko.
Komunikatzen jakitea eskatuko den beste gaitasunetako bat izango da, inoiz baino gehiago telelana nagusi den honetan; langileen arteko distantzia murriztu baitezake komunikazio on batek. Lan taldeko beste kideak modu aktiboan entzutea, eta argiak eta zuzenak izatea dira gaitasun horietako batzuk.
Malgutasuna eta egoera berriei egokitzeko gaitasuna ere ezinbestekoak izango dira etorkizuneko lanpostuetan. Datozen aldaketak ulertzeko gai izatea eta horien aurrean ez etsitzea. Hori dela eta, ikaste etengabean egon beharko du langileak. Azkenik, telelana gelditzeko etorri direla dirudienez, garrantzitsua izango da denbora antolatzen eta planifikatzen jakitea.
Finean, gaitasun guzti hauek esaldi bakar batean laburbildu daitezke: oztopoen aurrean ez etsitzea eta aurrera jarraitzeko gogoak edukitzea.