Lan munduari eta euskarari buruzko topaketa egingo dute Gasteizen
Bai Euskarari Elkarteak eta EHUk Etorkizuneko lan mundura begira, euskaratik eta euskaraz izeneko Lansarean topaketa antolatu dute datorren ostegunerako Gasteizen.
Topaketa lan mundura salto egingo duten gazteei zuzenduta dago, eta etorkizuneko langileek izan beharreko ezaugarriak aztertzea izango du helburu. Aldi berean, lan bila ari direnentzat euskarak prozesu horretan izan dezakeen balio erantsia ere aztertuko dute.
Honako hauek hartuko dute parte: Amaia Perez de Arriluzea Madariaga (EUDAN, datu analisia eta gizarte ikerketa), Regina Rivas Ulloa (Gasteizko Udaleko Enplegu teknikaria), Erlantz Allur Aranburu (Praktiken, Prestakuntza Dualaren eta Enplegagarritasunaren arloko zuzendaria EHUn), Antxeta Knörr Rekondo (Giza Baliabideen aholkularitza-arduraduna ATE taldean).
Gasteizeko Letren fakultatean izango da topaketa, apirilaren 20an, 12:00etan. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da esteka honetan.
