Lan eskaintza (ezinbestekoa 70 urtetik gorakoa izatea)

Lan eskaintza (ezinbestekoa 70 urtetik gorakoa izatea) Alemaniako Zurich hiriko auzo industrial batean bigarren eskuko arropa tailer berezi bat ezkutatzen da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lan-eskaintza-ezinbestekoa-70-urtetik-gorakoa-izatea/@@download/image/senior.jpg
2020/02/14

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Alemaniako Zurich hiriko auzo industrial batean bigarren eskuko arropa tailer berezi bat ezkutatzen da.
Lan eskaintza (ezinbestekoa 70 urtetik gorakoa izatea)

Senior Design Factory deitzen da tailerra eta bertan diseinuan adituak diren gazteak 70 urteak beteak dituzten beterano talde batekin elkarlanean aritzen dira. Gazteek dendari diseinuan duten trebetasuna eskaintzen diote, adinekoek esperientzia. Bi belaunaldiek gizarteak lortzen ez duena lortzen dute: bananduak dauden bi munduren artean zubiak eraikitzea.

Zahartzaroa da, ziurrenik, gizartean gehien baztertzen den bizitzako etapa. Gainera, badirudi etapa horretako onurak bakarrik kontatzen direla, alderdi negatiboei ez ikusiarena eginez. Errealitate idealizatua klixeen bidez eraiki da, zahartzaroan sentitzen dien malenkonia, bakardadea eta bazterkeria sotiltasunez baztertuz. Badaude ordea zahartzaroaren etapa hobetzeko zenbait formula, eta horietako bat da Benjamin Mose eta Debora Biffi-k sortutako proiektua. Izan ere, proiektu honen bidez berriz ere erabilgarri sentitzen dira jubilatutako pertsonak.

2011. urtean Senior Design Factory ireki zuten Zurich hirian. Bertan gazteak eta adinekoak elkartzen dira modu horizontalean kolaboratzeko proiektu sortzaileetan, teknikak eta esperientziak elkarbanatuz. Ekimenak arrakasta handia izan du, hazten doan enpresa bilakatuz eta ehungintzaz gain dekorazioa edo gastronomia bezalako sektoreetara zabalduz.

Tailerrean, lan egitez gain denda ere badute, behin produktuak amaituta bertan saltzen direlarik. Horrela, adinekoek gazteei azaltzen diete bufanda bat ehuntzeko modurik egokiena, eta gazteek diseinu eta marketineko euren jakintzak helarazten dizkiete. Honetaz gain, tailer irekiak antolatzen dira publiko zabalarentzat. Bertan jubilatuek gurutze-puntua edo kakorratzeko master class-ak ematen dituzte nahi duenak ikas dezan. Finean helburua belaunaldien arten zubiak eraikitzea da, elkarrekin erlazionatzea.

Adinekoak “kontratatzeko” hautapen prozesua edozein enpresen berdina da. Curriculuma entregatzen dute eta deiaren zain geratzen dira. Badaude bete beharreko zenbait baldintzak noski, iragarkiak honela dio: “Gure talderako 70. urtetik gorako pertsonen bila gabiltza. Alaiak, zerbitzuetan eta boluntario lanetan esperientzia dutenak ahal balitz, eta diru irabazi asmorik gabeko gure proiektuan laguntzeko prest daudenak. Lan anitza eskaintze dugu, gastuen diru-itzultzea eta janaria. Gure lan-taldearen parte izatea gustatuko al litzaizuke?”