Lan bila... nolako komeria!

Lan bila... nolako komeria! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lan-bila-nolako-komeria/@@download/image/41p20-1.jpg
2004/05/07
erreportajea
Lan bila... nolako komeria!
Lana bilatzea ez da zaila. Aurkitzea agian bai, gustuko lanpostua behintzat. Edozein kasutan ditxosozko curriculum-a ondo egitea komeni da. Eginkizun zaila izan daiteke nola egin ez badakizu. Hona hemen curriculum itxurosoa egiteko zenbait aholku. Zorte on.

•Oro har, aurkezpen-gutun batekin bidaliko dugu curriculum-a. Gutun honek laburra izan behar du, garbia eta zehatza. Gure burua aurkezteaz gain, zein lanpostu nahi genukeen azpimarratuko dugu.
•
Curriculum-ean, lehendabizi norberaren datuak azaltzea premiazkoa da: izen-abizenak, jaiotze-data eta helbidea. Ondoren, egindako ikasketak aipatu behar ditugu. Nahi izanez gero, Haur Hezkuntzatik has gaitezke baina hobe da erdi-goi mailako tituluei buruzko informazioa ematea. Adibide gisa: "Psikologian lizentziatua, Euskal Herriko Unibertsitatean, 2001".
•
Hirugarrenik, hizkuntzen maila zehaztu behar duzu. Esaterako: "Euskara da nire ama hizkuntza eta frantsesez ondo hitz egiten dut. Ingelesa, aldiz, ulertu egiten dut baina ez dut hitz egiten". Tituluren bat izanez gero, aipatu: "Frantsesa: Hizkuntza Eskola Ofizialeko 3. maila" edo "Euskara: EGA agiria".•

Azkenik, lanpostuarekin lotutako lan-eskarmentuari heldu behar diogu. Beraz, interesgarria da ikasketak bukatu eta ondoren izandako lan-eskarmentua ondo azaltzea. Horrez gain, gaur egungo lan-egoera zein den azaldu beharko dugu: "Une honetan langabezian nago" edo "Lanean ari banaiz ere, edozein unetan beste lan batean hasteko prest naukazue", esaterako.
•
Urrezko araua: beharrezko informazioa bestetik ez jarri. Kontua ez da eleberri bat idaztea, informazio argia eskaintzea baizik. Jasotzen dutenei interesagarria iruditzen bazaie, izango duzu xehetasunak kontatzeko aukerarik.  Azkenik, agurtzeko garaian, ez da ezinbestekoa formula jakin bat aukeratzea. Hala ere, hau da gehien erabilitakoa: "Eskerrik asko zuen arretagatik, izan ongi".