Laino guztien gainetik, Euskaltube bizirik!

Laino guztien gainetik, Euskaltube bizirik! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/laino-guztien-gainetik-euskaltube-bizirik/@@download/image/2011146040euska_1361869133.jpg
2011/01/07
erreportajea
Laino guztien gainetik, Euskaltube bizirik!
Euskaltube.com webgunea, bideoak partekatzeko euskarazko lehenengo plataforma, hiru urte betzekoa zen joan den irailean. 2007an sortu zenetik, ia 3.000 erabiltzailek 6.000 bideo inguru sareratu dituzte bertan, milaka bisitari izan ditu eta milioika orrialde zerbitzatu ditu. Baina 2010eko abuztuan, arazo ekonomikoak bitarteko, bertan behera geratu zen.

Sortu zenean sekulako zalaparta eragin zuen, baita geure mugetatik kanpo ere. Gutxinaka euskarazko internetgintzako erreferente bilakatu da eta hiru urte hauetan 100 Gb jaso ditu. Alegia, nagusiki euskarazko 100 Gb bideo egon dira Euskaltube.com gunean ikusgai.

Bideoak ez ezik, audioak sareratzeko aukerak ere arrakasta handia izan du, eta hainbat irratsaiok eta norbanakok partekatu dituzte edukinak bertan. Baina, ahaleginak ahalegin, Euskaltubek hiru urte bete izana ez du ospatzerik izan.
Arduradunek azaldu dutenez, arrazoiak ondokoak izan dira: “Ostalaritza zerbitzua edo dominioa asko garestitu da, batez ere metatutako fitxategi kopuruarengatik. Orain arte bolondres lanaren bitartez kudeatu eta ordaindu da webgunearen mantenua, baina sistema hori ez da bideragarria. Interneten aldaketak abiadura bizian gertatzen dira, eta ezinezkoa egin zaigu abiadura horren pareko garapen teknikoa mantentzea. Publizitate bidezko finantzaketa saiakerak ez du nahi bezala funtzionatu”.

Horregatik guztiagatik, Euskaltube.com webguneko arduradunek boluntario lanetik abiatutako egitasmoari beste dimentsio bat eman nahi diote.

“Webgunearen funtzionamendu egokia, sistemaren eta edukien mantentzea eta, azken finean, egitasmoaren etorkizuna bermatzeko, finantzaketa sistema egonkorra behar du”, adierazi dute.

Helburu horrekin, finantzaketa bilatzeko babesletza kanpaina abiatu dute. Jakinarazi dutenez, 10 babesle lortu behar dituzte Euskaltube.com bizirik mantentzeko. Guztia bide onean badoa, babesle bakoitza Euskaltube.com webgunean agertuko da. Alegia, urtebeteko publizitatea eskainiko zaie 500 euroren truke.

Enpresa, entitate eta erakundeek ez ezik, norbanakoek ere lagundu dezakete webgunea bizirik mantentzen, dohaintza txikiak eginez. Horretarako, Internet bidezko ordainketak egiteko PayPal zerbitzua jarri dute eskura. Norbanakoei dagokienean, arduradunek azaldu dute gehienez 50 euro eman ahal izango direla.

Dagoeneko hainbatek bere aletxoa jarri du, eta zenbait enpresa eta erakunde ere jarri dira harremanetan webguneko arduradunekin egitasmoa babesteko aukerak aztertzeko. Zuk ere bideoak partekatzeko euskarazko webgunea bizirik mantentzen lagundu nahi baduzu, www.euskaltube.com/bizirik webgunean sar zaitezke edo arduradunekin harremanetan jarri info@euskaltube.com posta helbidera idatziz. Diru bidez ez ezik, mezua zabaltzen ere lagun daitekeela adierazi dute, kanpainaren berri sare sozialetan zabalduz.

HARRITU GAITU



Deskontu.com
webguneak erosketa kolektiboak egiteko aukera eskaintzen du. Egunero egunero eskaintza bat plazaratzen du eta, gutxieneko erosle kopuruak eskuratzen badu, produktuak prezio merkeagoan saltzen ditu. Joan den astean eskaintza bitxi bat jarri zuen salgai: gaztaina erreak Internet bidez. 

KATXONDOENA


Glomuk izeneko enpresak Zumuk izeneko kamisetak egiten ditu. Bere produktuak promozionatzeko ekintza bitxia antolatzea bururatu zaio. Berria egunkariaren azala eraldatu du umorez betetako parodia batean. http://sustatu.com/1289202510

INFORMAZIO BILA


Azken asteotan zeresan handia eman du hainbat erakundetako isilpeko dokumentuak argitaratu dituen Wikileaks webguneak. Euskal Herriari buruzko dokumentuak ere badaude horien artean. Horien berri izateko, nahikoa da Cablesearch.org webgunean sartu eta “basque” hitza bilatzea.