Lagundu "Poliedro Vol. 1" proiektu interesgarria aurrera ateratzen!

Eñaut Zubizarretak bizitza osoa darama txeloari lotuta. Bartzelonako ESMUC-en goi mailako ikasketak bukatu ondoren bide berrietan murgildu zen Trigger bezala txeloarekin esperimentatzen hasteko. Jauzi kualitatibo bat eman nahian, 2019an eman zion hasiera POLIEDRO Vol.1 proiektuari, nahiz eta ikerketa lehenagotik datorren. Bertan, teknika berrien ikerketa eta aplikazioaren bitartez, biolontxeloarekin interpretatu daitezkeen musika-estilo ezberdinak arakatu ditu, eta formazio ezberdinekin jolastu: Aurretiko Bistan txelo solorako 10 lan izango dira (punk-rock, grunge, hardcore, flamenko...); Albotiko Bistan bikote eta hirukoterako 6 lan (metal, stoner, post-rock...); Goitiko Bistan berriz, loop eta efektu pedalentzako 3 lan (DnB, trance...). Guztira 19 abesti izango ditu diskoak, forma eta kolore anitzekoak!!
Proiektu honek biolontxeloarekin beste musika bat egitea posible dela ikusarazi nahi du. Baina hari beretik tiraka, gaur eta biharko txelo jotzaile, biolinista eta abarrak hizkuntza berri hauetan formatu nahi ditu, eta horretarako metodologiaz eta partiturez osatutako liburu bat argitaratuko da.
Bukatzeko, mendebaldeko kulturari eta musikari nahiz euskal musika eszenari buruzko saiakera bat ere egongo da liburu horretan. Jendarte zabalago bati begira eginiko lana, ikuspuntu kritiko bat garatzeko asmoa duena.
Bakarkako proiektu bat den arren, lanketa oso bat izan, eta proiektua aberasteko asmotan, gertuko eta konfiantzazko lan-talde bat osatu dut. Horrela, Olrait Studiorenak izango dira diseinuak; maketazio eta argazki teknikoetarako Ainhoa Iraolaren begiak izango dira bidelagunak; eta hain garrantzitsua den grabaketarako Ander Sevilla izango dut alboan. Zuzenekoetarako aldiz, Quico Pugès eta Jokin Garmendia biolontxelistak izango ditut alboan duo eta trio formatuetarako piezak interpretatzeko.
Proiektua interesatu bazaizu itsulapikoa.eus atarian proiektua gauzatzeko crowfunding kanpaina martxan jarri du.