Lagundu Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzen!

Lagundu Gipuzkoako autobus zerbitzua hobetzen! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lagundu-gipuzkoako-autobus-zerbitzua-hobetzen/@@download/image/autobus_zerbitz_1382083094.jpg
2013/10/18
berria
Gipuzkoako herri-arteko autobus zerbitzua hobetzeko asmoz, bizilagunen ekarpenak jasotzeko kanpaina abiatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urria eta azaroa bitartean bilera irekiak egingo dituzte 56 herritan, eta Sarearen bidez ere nork bere iritzia emateko aukera du.


Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko autobus zerbitzua hobetzeko prozesua abian jarri du, eta gabeziak zehaztu nahiz helburuak finkatzeko, herritarren laguntza eskatu du. Lurraldea lau eremutan banatu dute, eta berauetan barneratzen diren 56 herrietan bilera irekiak egingo dituzte urrian eta azaroan. Parte hartu nahi izanez gero, sartu helbide honetan eta kontsultatu egutegia.

Baina horrez gain, Sarearen bidez galdetegi sinple bat betetzeko aukera ere aurreikusi dute, bileretara joaterik ez duenak, edo besterik gabe, bere iritzia modu erraz eta eraginkor batean eman nahi duen orok, horretarako aukera izan dezan. Helbide honetan sartu eta zure datuak bete besterik ez duzu.

Lau fasetan
Hala, kanpainaren lehen fasea amaitutakoan, autobus zerbitzua hobetzeko proiektua idatziko du talde teknikoak, 2014ko otsailera bitarteko epean. Eta ondoren, datorren urteko martxoa eta apirila artean, herritarrei eta udalei aurkeztuko diete, beroni ekarpenak egiteko aukera izan dezaten. Halaber, lehen fasean Sarearen bidez iritzia eman duten horiei ere bidaliko zaie proiektua alegazioak egiteko, eta berauek talde teknikoarekin kontrastatuko dituzte.

Azkenik, 2014ko maiatzetik abendura laugarren fasea abiatuko da. Behin betiko txostena idatzi eta zerbitzu berriari buruzko informazioa herritarrei helaraziko diete. Eta autobus zerbitzu berria emateko lizitazioa martxan jartzea, zerbitzu berria esleitzea eta autobus zerbitzu hobetua abian jartzea izango dira azken urratsak.

Zuk ere prozesuan parte hartu nahi baduzu, oso erraza duzu: sartu hemen eta eskuratu informazio guztia!