Lagundu eta ikasi

Lagundu eta ikasi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/lagundu-eta-ikasi/@@download/image/20101215012odei_1361876506.jpg
2010/12/03
erreportajea
Raul Perez
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 72 gazte kooperante jardun dira hiru hilabetez. Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailen "Gazteak Lankidetzan" proiektuaren bitartez, haietako batzuek Hego Amerika bidaiatu zuten, beste batzuk Afrikara joan ziren, eta gainerakoak Asiara.

San Juan de Lurigancho Peruko hiriburuko, Limako, auzo txiroenetako bat da. Eta baita jendetsuena ere: milioi bat biztanle ditu, horien erdia 29 urtetik beherakoak. Auzo gaztea dela esan daiteke, beraz. Googlen auzoaren izena jarrita aurtengo udaran izandako politika ika-mikari buruzkoa da ageri den lehen albisteetako bat. Oposizioak hauteskunde kanpainako ekitaldiak egiteko garaian trabak jartzea leporatu zion Carlos Burgos alkateari. Estitxu Aldeiturriaga bertan izan da. Gorputz hezkuntza ikasi du igorreztarrak eta beste bost lagunekin aritu da lanean Perun: beste hiru soin heziketa irakasle, eta psikologo eta nutruzionista bana. Bi eta bost urte bitarteko haurrekin jardun dira.

San Juan de Luriganchora iritsita zer? “Harrituta geratu ginen: hautsa eta harea besterik ez zegoen. Azken batean begi aurrean fabelak genituen, baina egunak aurrera joan ahala konturatu nintzen sekulakoa zela bertan egoteko aukera izatea; hara joatea ez dago edozeinen esku”. Horrelako esperientzia batean etxetik gidoi bat buruan eramatea alferrik da. “Gurekin egondako haurrek ez zuten gauez lo hartzen, euren amek lanera joan behar zutelako. Psikomotrizitatean lantzen diren oreka jakin batzuk alde batera utzi eta musika lasaia ipintzen genien umeei, lokartu zitezen”.

Etxera iritsita, balantzea egiteko garaia da. Estitxurentzat esperientzia ezin aberasgarriagoa izan da. “Urtetan boluntariotzan aritu naiz eta Perura bidaiatzea azken urratsaren modukoa da. Egun gogorrik izan zen, neure burua tokiz kanpo ikusten nuen, baina ingurukoen laguntzaz eusten nion goiari”. Perura bueltatzea gustatuko litzaioke. Are gehiago, oraindik ere bertan dela iruditzen zaio. “Hankak Euskal Herrian ditut, baina burua, aldiz, Perun”.

Obretan jardun, animaliei txertoak jarri…

Odei Artutxak begi aurrean hiru hilabetez izandako paisaiak ez du zer ikusirik Estitxuk ezagututakoarekin. 21 urteko tolosarra Bolivian izan da, Cochabamba eskualdean. Betiereko udaberriaren hiria esaten diote hiriburuari, tenperatura atseginagatik. Bilbon basozaina izateko ikasi zuen aurrena, eta mendi gida izateko Donostian jarraian. Hori horrela, eskualdeko indigenekin besoz beso aritu da lanean: ura biltzeko obretan, animaliei txertoak jartzen, fruitu zuhaitzak kimatzen… Sexu berdintasunari buruzko tailerretan ere parte hartu du.

“Emakumezkoek sekulako lan karga jasotzen dute egunero. Etxean lan egin eta umeak zaintzeaz gain, gizonari baratzean edo ganaduarekin laguntzen diote askotan. Tailerrak emakumeei zuzenduak izan arren, senarrak ere bertara joaten ziren emaztea kontrolatzeko”.

Asteburua hirian igarotzen zuen Odeik eta astegunak mendian, indigenekin, 4.000 metrotan: oxigeno falta nabaritzen zuen bertan. Joan-etorrietan jabetu zen hiriko eta nekazarien komunitateetako giroaren arteko aldeaz. Gaua eta eguna bezalakoak. Hiriko jendeak ez dituela indigenak begi onez ikusten ere nabaritu zuen. “Arrazakeria handia dago”. Gainerakoan, etxean baino kirol gehiago egin zuen Bolivian. “Futbolean jokatzen genuen kale gorrian; futbol zelaia arroparekin mugatzen genuen. Xabi Alonso ezagutzen zuten eta haren herrikidea naizela esatean harritu egiten ziren”. Hari ere etxetik milaka kilometrora jarritako aletxoak zer nolako ahogozo utzi dion galdetu diogu. “Lan egin baino gehiago, ikasi egin dut han. Badago jendea horrelako tokietara salbatzaile gisa abiatzen dena, pobrezia eta gosetea errotik kentzeko asmoz, baina ohitu behar duzu egunero pobrezia aurrez aurre ikusten. Hara joateko, gazteek jarrera irekia behar dute izan”.