Lady Gagak psikiatriko erizain bat kontratatu zuen "House of Gucci"-ren errodajean bere osasun mentala zaintzeko
Beste zenbait aktoreri ere gertatu izan zaio. Horrenbeste sartzen dira antzeztu beharreko pertsonaian, ez direla gai errealitatea eta fikzioa ezberdintzeko. Arazo hau lan ordu luzeko grabazioetan gertatu ohi da eta jite iluneko pertsonaiekin ohikoagoa da. Hauxe pasa zaio Lady Gagari House of Gucci filmeko grabazioan.
Izan ere, Gagaren pertsonaia glamourrez betea da, baina baita oso iluna ere. Patrizia Gucci gorpuzten du, bere senar ohiaren, Maurizio Gucci (Gucci etxearen oinordekoa zena), hilketa planifikatzeagatik 18 urte espetxean eman zituen emakumea.
Variety aldizkariko elkarrizketa batean, Lady Gagak errodajean zehar bizitu zituen eragin mentalen inguruan mintzatu da. Abeslari eta aktorea kontziente izan zen grabazioaren azken asteetan ez zela pertsona berdina eta bere pertsonaiaren ukitu ezkorra etxera eramaten zuela.
Honetaz kontziente izan zenean Gagak osasun mentaleko profesional bat kontratatzea erabaki zuen grabazioan zehar berarekin egon zedin. Ez da lehengo aldia Lady Gagari hau gertatzen zaiona. A Star Is Born filmean ere antzeko zerbait gertatu zitzaion. Artistak dio antzezten duenean kontrolatzeko zailenak diren sentimenduak azaleratzen dituela eta ondoren ez dakiela hauek bere kabuz itzaltzen.

