Laburbiran parte hartzeko deialdia egin du Euskaltzaleen Topaguneak
Euskaltzaleen Topaguneak Laburbiraren XXI. edizioa apirilaren 12tik maiatzaren 12ra egingo du, eta bertan parte hartzeko film laburren bila ari dira orain. Euskal zinemagintza hauspotzea eta herritarrei euskaraz sortutako film-laburrak ezagutaraztea du helburu ekimenak.
Otsailaren 29ra arte zabalik da izen-ematea eta parte hartzen duten filmak 2023 urtean ekoiztutako fikziozko lanak izan beharko dira eta gehienez ere hogei minutuko iraupena dutenak.
Lanen aukeraketa martxoaren lehenengo astean egingo da eta sortzaileei eurei jakinaraziko zaie. Irizpide hauek izango dituzte lanak hautatzerakoan: publiko guztiarentzako lanak izatea, sortzaile berrien eta ibilbide luzea dutenen arteko oreka mantentzea, sortzaileen lurraldetasuna, genero ikuspegia eta bestelako ezaugarriak, hala nola euskalki aniztasuna, umorea, animazioa, lan esperimentalak, sentsibilizazioa lantzen dutenak...
Laburbirarako hautatutako filmeetako zuzendariek mila euroko ordainsaria jasoko dute eta proiekzioetan aurkezpena egiteagatik beste ehun euro. Film laburrak Euskal Herri mailan zein atzerrian erakusteko aukera izango da.