Labubuak, arrakasta eta zalaparta sortu duten panpin txinatarrak

Hortz eta belarri zorrotzak dituzten eta iletsuak diren panpinak dira Labubuak. Askotariko motatakoak daude, eta bakoitzak bere jantzi eta osagarriak ditu.
Hong Kongen bizi den Kasing Lung artistak diseinatu zituen 2015ean eta The Monsters ilustrazio liburuan agertu ziren lehen aldiz. Mitologia eskandinaviarrean omen dute jatorria. Pop Mart konpainiak pertsonaietan oinarritutako panpinak merkaturatu zituen 2019an, eta merkatuan zabalkunde handia izan dute geroztik. Iaz 364.000 euro baino gehiago irabazi omen zituzten panpin hauen salmentagatik. Bildumazaleen harribitxi bihurtu dira, eta ehundaka eta mila euro ere ordaindu dituzte haien truke.
Arrakasta honen zergatia jakitea ez da erraza, baina Sonny Angelek tarte batez sortutako fenomenoaren antzekoa delakoan daude asko. Zenbaiten ustez panpin hauek maitagarriak dira, eta, aldi berean, ganberro izaera ere badute. Honekin lotuta, Londresen Karl Marxen hilobian ipini zuten Labubu bat.
Panpinaren izpiritu jolastia eta dibertigarria nabarmentzen dute zaleek, eta errealite gris, serio eta aspergarritik ihes egiteko modua dela uste dute. Antza, barruko haurrarekin bat egiteko aukera ematen die jabeei.
Halaber, misterioak ere izango du akaso zerikusia. Izan ere, figura bakoitza ondo estalitako kaxa baten barruan saltzen dute eta hura zabaldu arte, erosleak ez daki zer pertsonaia dagoen barruan. Sorpresa efektua ere badu beraz.
Joan den astean Pop Mart enpresak denda zabaldu zuen Bartzelonan, eta zenbaitek lau orduan egon behar izan du ilaran dendara sartu ahal izateko. Askotariko preziodun panpinak omen daude, hasi 12 eurotik eta 240 eurora bitarte.
Zer iruditzen zaizkizu Labubuak? Zeuk ere nahiko al zenuke halako panpinik?