Laboari omenaldia Azpeitian

Abenduaren 1a egun berezia da euskaldunarentzat 2008az geroztik: Mikel Laboa hil zen, eta denok sentitu ginen umezurtz. Mikel Laboa omendu eta sorkuntza grina kutsatzeko LABOALDIA antolatu dute Azpeitian, musikariaren heriotzaren 10. urteurrenean, azaroaren 21etik abenduaren 2ra.
Mikel Laboaren unibertso poetikoa bere osotasunean erakustea da Azpeitiko kultur kooperatibaren asmoa, baina ez omenaldia egiteko bakarrik, ez bere lanaren alderdi guztiak ezagutzera emateko soilik, baizik eta sortzaile berriei ateak irekitzeko, sortzeko grina kutsatzeko, mundua nork bere erara eman dezan laguntzeko.
Mikel Laboaren lanak ahotsa eta kantua ditu ardatz, edozein herri kantak bezalaxe, eta gitarra biluzi bat. Bere lanak, ordea, beste mundu asko biltzen ditu bere baitan: bere garaiko hainbat poetaren hitzak hartu zituen kanturako, Zumeta pintorearen lana hautatu irudia jartzeko, beste hainbat musikarirekin aritu zen lanean...
Mikel Laboaren unibertso poetiko oparoa erakusteko beharra ikusi zuten Kultur Mahaian eta Kulturaz kooperatiban, ardatzak Sormena eta Transmisioa izanik egitasmo honek biak batzen zituelako. Unibertso poetiko hori erakusteko egitarau hau prestatu dute: