LABEAN: ERAUL

LABEAN: ERAUL Duela bost urte jaiotako abestiei heldutasuna iritsi zaie, ereindakoa disko batean biltzera doa Eraul taldea. Asier Beramendi abeslari donostiarra gorpuzten hasitako 11 abestiak grabatzeari ekin diote eta, erromantikoenak izateko saiakeran, seikotea buru-belarri dabil lanean Higain estudioan. Lan berriari begiratu bat emateko tartea izan dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labean-eraul/@@download/image/LABEAN_-ERAUL-2.jpg
2017/05/22
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Duela bost urte jaiotako abestiei heldutasuna iritsi zaie, ereindakoa disko batean biltzera doa Eraul taldea. Asier Beramendi abeslari donostiarra gorpuzten hasitako 11 abestiak grabatzeari ekin diote eta, erromantikoenak izateko saiakeran, seikotea buru-belarri dabil lanean Higain estudioan. Lan berriari begiratu bat emateko tartea izan dugu.
LABEAN: ERAUL

Disko berria labean duzue. Nola daramazue?
Martxoaren amaieran hasi ginen proiektuarekin, eta une honetan gitarra akustikoa grabaturik dugu, baxua amaituta, eta zati elektrikoak gehitzen gabiltza. Oraingoz, oso gustura gaude ateratzen ari garen soinuarekin; laster gehituko ditugu ahotsak, eta urduri nagoela aitortu beharra daukat.


Diskoak badu izenik? Noiz izango da entzungai?
Iraultza izena hartuko du, entzungai izango den abesti baten omenez. Lagun batek semeari Iraultza izena jarri nahi zion, haurrak bere bizitzan izango zuen eraginari erreferentzia eginez, baina azkenean Aimar jarri zioten. Anekdota horrek inspiratu ninduen abestia egiteko. Kaleratze datari dagokionez, oraindik ez dugu argi, baina litekeena da udazken amaiera arte itxarotea, edota Durangoko Azokarako gordetzea zuzenean.


Abestiak ez dira orain sortutakoak, badituzte urte batzuk.
Hala da, duela bost-sei urte lantzen hasitako kantak dira. Orduan hasi nintzen abesten; ondoren, Donostiako Kutxa Kultur Musika Saria irabazi eta taldea osatu genuen. Garai horretan sortutako kantak dira orain grabatu ditugunak; ardo ona bezala, abestiei gorputza hartzen utzi behar zaie. Lehen bertsioak sinpleegia izateko arriskua du, eta hasierako emozioa desager daiteke.


Estilo aldetik, zer aurkituko dute entzuleek?
Modu oso intuitiboan idatzitako kantak bildu ditugu, blues eta folk ildokoak. Egia esan, disko nahiko eklektikoa da, kontraesan handiak ditu, baina horrek ez nau kezkatzen; ez dut koherentzia estilistikorik bilatzen. Beraz, baladaren bat aurki daiteke, lasaia, beste bat folk zikinaren kutsuarekin konposatutakoa, beste bat elektrikoa...


“Kasketa kreatiboa” amaitzeko saiakera omen da disko hau, zuen hitzetan.
Taldearen ibilbidea ez da oso jarraia izan; nire kabuz hasi nintzen eta, talde bihurtzean, antolaketa horizontala izango zela erabaki genuen. Laster konturatu ginen hori ez zela posible, norbaitek erabakiak hartu behar zituela, baina ez nintzen ardura hartzeko gai sentitzen. Ondorioz, neurri batean desastre ibili gara, nire proiektua zela eta ardurak bereganatu behar nituela onartu nuen arte. Taldekideak ados zeuden, eta haientzat errazagoa zela adierazi zuten. Pixkanaka, rol berriak bereganatu genituen, eta kaosetik ateratzea lortu dugu. Taldeko guztiak langile finak dira.

 


Izaro eta Olatz Salvadorren kolaborazioak izan dituzue, besteak beste. Nolakoak dira diskoan bildutako harribitxiak?
Lehen aipatu bezala, Iraultza da abestietako bat, eta disko osoari egiten dio erreferentzia; zentzu batean, dagoeneko hamabost urterekin lokalean jotzen eta garagardoak edaten dabiltzan gaztetxoak izateari utzi diogula gogorarazten digu, infantilismoak alde batera utzi eta bestela lan egin behar dugula. Bestalde, Izaro abeslariak eta Olatz Salvadorrek maisuki kolaboratu dute diskoan, Katarsia abestian. Beste abestietako bat bikotekide ohiari idatzitakoa da; guztietan alaiena dela esango nuke.


Hizkuntza batetik bestera erraztasunez egiten duzue salto.
Betidanik gustatu zait idaztea, eta gehienetan gazteleraz egiten dut. Erromantizismoak alboratu eta euskaraz idazten hasi naiz; hasieran ez zitzaidan horren naturala egiten, baina pixkanaka bakarrik ateratzen hasi dira hitzak, eta harro nago. Kontraesan handiak bizi ditut idazterakoan; musika modu erromantikoan imajinatzen dut, eta ingelesez ere ateratzen zaizkit hitzak. Baina, euskaraz idaztea naturala bilakatzea lortu dut.


Zeintzuk dira Eraulen erreferente musikalak?
Other Lives talde estatubatuarraren soinua izugarri gustatzen zait, eta hor daude baita ere Mado Diao, Noah and the Whale, Mika P Hinson... Ispirazio iturritzat ditut, Beñat Antxustegi, Napoka Iria, Physis versus Nomos eta antzeko taldeekin batera.
Irakurri dugunez, “haserre, triste eta damu naiz” adierazteko modu korapilatsuenaren bila ibili zarete diskoan bildutako abestietan.
Lehen pertsonan idatziak dira, gertuko sentipenez hitz egiten dute. Eraul une intimoetan imajinatzen dut, etxe batean, lagun artean, familian, belardi batean... diskoko abestietan sentipenak azaleratzen dira, biluzi. Ez dut irudia zaindu beharraren ideia gogoko; onartzen dut jarrera profesionala mantendu behar dela, baina ez dut marketinaren zurruntasuna gustuko; praktikoa ala erromantikoa aukeratu behar bada, nik argi daukat: musikak pasionala izan behar du.

Fitxa Teknikoa

Taldea: Eraul
Diskoa: Iraultza
Diskoetxea: Mauka
Estiloa: Blues-Folk
Argitaratze data: Durangoko Azoka
Estudioa: Higain estudioa