LABEAN: BALDIN BADA, Shakti Olaizola

LABEAN: BALDIN BADA, Shakti Olaizola Inoiz probatu al duzue buruz behera jartzen? Paretari begira zaudetela, eskuak lurrera eraman eta, salto batez, hankak aireratzearekin nahikoa da; segituan, burua odolez betetzen sentituko duzue. Trebeenek segundo luzez eutsiko diote, baina ez gehiegi. Orain, imajinatu airean duzuen hankak pintzel bat eusten duela, eta paretan marrazten hasi zaretela; ezinezkoa, ezta? Zirkuaren eta artearen maitaleek biziki disfrutatuko duten ikuskizuna da ‘Baldin Bada’; Shakti Olaizolaren sorkuntza berria ezagutu nahi? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/labean-baldin-bada-shakti-olaizola/@@download/image/LABEAN_01.jpg
2017/04/12
elkarrizketa

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Inoiz probatu al duzue buruz behera jartzen? Paretari begira zaudetela, eskuak lurrera eraman eta, salto batez, hankak aireratzearekin nahikoa da; segituan, burua odolez betetzen sentituko duzue. Trebeenek segundo luzez eutsiko diote, baina ez gehiegi. Orain, imajinatu airean duzuen hankak pintzel bat eusten duela, eta paretan marrazten hasi zaretela; ezinezkoa, ezta? Zirkuaren eta artearen maitaleek biziki disfrutatuko duten ikuskizuna da ‘Baldin Bada’; Shakti Olaizolaren sorkuntza berria ezagutu nahi?
LABEAN: BALDIN BADA, Shakti Olaizola

Atzekoz aurrera ibiltzea ez da arraroa Shakti Olaizolarentzat (Gipuzkoa, 1987); Arte Ederretan lizentziatuta, margolari moduan eman zituen lehen pausoak; ondoren, zirkuaren deia jaso, eta kontorsionismoarekin esperimentatzen hasi zen. Hainbeste maite dituen bi diziplina horiek fusionatzea lortu du esku artean duen proiektu berrian. Sabadellen (Herrialde Katalanak) bi asteko erresidentzia egonaldia egin berri duela hitz egin dugu berarekin.


Dagoeneko gutxi dira arte diziplina bakarra lantzen duten emanaldiak, eta Olaizolarena ez da salbuespena: zirku munduko kontortsio eta akrobaziekin batera, pintura, zuzeneko musika, kantak, umorea, antzerkia eta sorpresa ugari ezkutatzen ditu Baldin Bada labean duen ikuskizun berriak. Aurreko proiektuan bakarrik ibili zen eszenatokian, baina oraingoan Joseba Negro musikaria izango du alboan.


Sabadelleko egonaldian etengabe ibili dira entseatzen zuzendari eta koreografoaren laguntzaz, eta dagoeneko obrak forma hartu badu ere, oraindik lan asko du aurretik.


Emanaldiaren sekretu guztiak aireratu gabe, bi pertsonaia samurren bihurrikeriak eta abenturak antzeztuko dituztela kontatu digu artistak: “Margolari eta musikari baten erokeriak eta zentzugabekeriak ikusiko ditugu gertutik. Margolari bitxi honentzat, margotzearen ekintza sinplea izugarrizko abentura izan daiteke. Gainera, aurrean daukan publikoa ikusita, beti egin nahi izan dituen zorokeriak saiatzea erabakitzen du. Oso traketsa da, baina bere baldartasunaren bidez dauzkan izugarrizko trebetasunak erakutsiko dizkigu: oinekin margotu, ezinezko orekak, oso jarrera arraroetan abestu... Hau dena bere kidearen doinu eta musika-iaiotasunak lagunduta, bere margo abenturen konplizea izango baita”.


Ikuskizunaren ideia modu bitxian etorri zitzaion burura Olaizolari. “Duela pare bat urte, bertikal bat entseatzen ari nintzela, oinekin pintzel bat hartu eta marrazten saiatzen hasi nintzen. Marraztea txikitatik nire barnean egon den behar bat da, eta beraz, naturala iruditu zitzaidan bi diziplinak batzea”.


Olaizola ez da betidanik akrobata izan; 2006an hasi zen zirkuarekin maitemintzen, eta kontortsioa, akrobazia eta dantzarekin esperimentatzen eman zituen urte batzuk; hortik jaio zen Irakurriz, munduan zehar bidaiatzera eraman zuen proiektua. Bidean, bere gorputza tentu handiz zaindu eta prestatu behar izan du, ez baita erraza ordu luzez burua hanka artean kateatuta izatea. Baldin Bada ikuskizuna prestatzeko ere, ordu asko sartu ditu Olaizolak, bidean lesiorik ez izateko: “Egonaldian ginela, egun osoa ematen genuen entseatzen. Nire lana horren fisikoa denez, ordubete lehenago joaten nintzen, gorputza prestatu eta behar bezala berotzeko. Oso garrantzitsua da muskuluak berotzea lesioak ekiditeko. Ordubete igarota, beste 45 minutu behar izaten ditut luzatzeko, eta entseguak amaitzean, 20 minutu inguru ematen ditut luzaketekin berriz”. Lanketa horiek akrobataren errutinaren parte badira ere, noizbait ezustekoren bat gertatu zaio Olaizolari: “Egunen batean ondo berotu ez badut, ikuskizunaren ondoren sekulako mina izan ohi dut. Zuzenekoan nagoela, askotan animatu, eta mugimendu nahiko eroak egiten ditut; egun batean, oina odoleztatua nuela amaitu nuen, ziur aski attrezzoko elementuren baten erruz”.


Zirkuak kutsu erromantikoa duen arren, bizitza gogorra dela gogorarazi du Olaizolak. Zirkuarekin maitemindu zelako hasi zen akrobazietan, eta munduan zehar bidaiatzen duen konpainia baten parte izatearekin ere amestu du behin edo behin: “Zirkuarekin hasi nintzenean, asko erakartzen ninduen bizitza nomada eta artistikoaren irudi horrek, eta behin edo behin pentsatu dut zirku txiki bat sortzea, herriz herri bidaiatuko lukeen konpainiatxo baten moduan. Dena den, zirkuetan ibili diren lagun eta ezagunek sektorearen alde ilunak erakutsi dizkidate: mafiak, baldintza txarrak, liskarrak…”. Artearen munduan aurrera ateratzea gogorra bada, zirkuan are traba handiagoak suertatzen direla azpimarratu du kontorsionistak: “Eskerrak Umore Azoka bezalako plazak dauden. Ni kalean ibili naiz askotan, eta emanaldiaren ondoren txapela pasatzen hasi eta jendeak ihes egiten dizula ikustea ez da xamurra”. Arazoak arazo, Olaioza ez da egindako hautuaz damutzen eta proiektu berria estreinatzeko irrikatan dago: “Honetatik bizi nahi duenak argi izan behar du lan asko eskatzen duela eta bizimodu umila izango duela, baina benetan maite baduzu, oso zoriontsu egiten zaitu”.

Fitxa Teknikoa

Ideia originala: Shakti Olaizola
Zuzendaritza: Jimena Cavaletti
Antzezleak: Shakti Olaizola eta Joseba Negro
Koreografia: Maximiliano Sanford
Ekoizpena: Shakti Olaizola
Iraupena: 45 minutu
Formatua: Kale antzerkia
Estreinaldia: Maiatza, Leioako Umore Azoka