Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest? ‘TRIGGER’, EDURNE KORTABARRIA ETA ARIMA https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2020/12/30
‘TRIGGER’, EDURNE KORTABARRIA ETA ARIMA
Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

 

TRIGGER

SUKALDARIAK: Eñaut Zubizarreta Trigger izenez aurkezten den txelista da eta bere bakarkako proiektua da hau, nahiz eta momentu puntualetan lagundu dioten konplizeak ere izan dituen.

EGOSTE DENBORA: Disko hirukoitza denez konplexua da lana. Aurretik egin beharreko lan asko dago, baina 2021eko martxoa aldera argitaratzeko asmoa du.

OSAGAIAK: Poliedro proiektuaren helburua teknika berriak aplikatuz txeloa ikertzea da instrumentuaren ohiko iruditegi klasikoa alde batera utziz, langile klasearen ikuspegia emanez eta bestelako musika estiloak landuz. Beraz, disko hirukoitz hauek liburu batez lagundua joango dira; lan pedagogiko eta dibulgatiboa izatea ere nahi baitu musikariak proiektu hau. Bertan teknika ezberdinek azalpenak, gogoetak eta partiturak ere azalduko dira.

ERREZETA: Zubizarretaren hitzetan txeloa oso instrumentu moldakorra da. Jotzeko tekknika ezberdinak daude  eta arkuak eskaintzen dituen aukerak ere hor daude. “Horri pedalek eta horrekin egin daitezkeen joko ezberdinak gehitzen badizkiogu emaitza sekulakoa da”. Hori dela eta, Trigger-en erreferenteak ugariak eta anitzak dira: Rushad Eggleston, Martin Melendez, Apocalyptica, Queens of the Stone Age, Anestesia, The Prodigy… nahasketa honetatik ziur zerbait interesgarria aterako dela!

 

EDURNE KORTABARRIA

SUKALDARIAK: Edurne Kortabarria ilustratzailea Mari Matraka ezizenez ezagunagoa da beharbada, baina oraingoan bere izen propioarekin eta proiektu berri, bezain interesgarriekin dator.

EGOSTE DENBORA: Maitasun Propioa proiektua jada ikusgai dago @edurnekortabarria Instagram kontuan. Agara Agirrerekin egingo duen proiektua eguberrietarako aurreikusita dago.

OSAGAIAK: Kortabarriak proiektu ezberdinak ditu martxan. Alde batetik Maitasun Propioa garatzen ari da. Bakarrik ari da horretan, oso pertsonala baita. Bertan erretratu propioak eta hauetan oinarritutako ilustrazioak sortzen ditu. Bestalde Agara Agirre bitxi sortzailearekin lanean ari da eta baita Bea Asurmendi abeslariarekin ere, nahiz eta azken hau oraindik hasteke dagoen proiektua izan. Proiektu hauek bere alde pertsonala erakusteko leihoa izatea nahi du Kortabarriak.

ERREZETA: Gustuko du Kortabarriak beste sortzaileekin lan egitea: “Asko ikasten dut haiengandik eta gainera sormenaren ate batzuk zabaltzeko aukera paregabea da”. Bere ibilbidea osatzeko ilustratzaile erreferente ugari eta anitzak ere kontuan hartu ditu, hala nola Carla Fuentes, Lidia Cao, Flavita Banana eta Irana Douer besteak beste. Dena den aipatzen digu ez dela urrutira joan beharrik ilustratzaile bikainak topatzeko.

 

ARIMA

SUKALDARIAK: Arima taldea Josu Gonzalez (baxua), Gontzal Bilbao (bateria) eta Pauel Bilbaok osatzen dute, baina disko berrian Sara Zozayaren ahotsa eta Alex Uriarteren letra bat ere entzun ahal izango dira.

EGOSTE DENBORA: Biluztasunez jantzia deitzen den 6 abestiko disko berria astebebetean grabatua izan zen Tolosako Bonberenean Karlos Osinagaren gidaritzapean. Urte hasieran ikusiko dugu argia.

OSAGAIAK: Lan berri honetan Arima taldearen esentzia mantetzen saiatu direla aipatu digu Paule Bilbaok. Hala ere, hirukoaren heldutasuna nabaria da. Prozesua Bilbaok modu pertsonalean bizitu du eta horregatik soinuaren garapenean eta letren sorkuntzan hori nabaritu egingo dela ziurtatu digu: “Barnetik ateratako abestiak dira, sentimenduz eta emozioz josiak; distortsioz eta erreberberazioz inguratuak”.

ERREZETA: 2019. urtean egin zuen bere debuta taldeak Metamorphosis deitutako EP ilunarekin. Shoegaze, noise estilo hori oraingo honetan ere mantenduko dute Slowdive, Whirr, Alcest, Nothing edota Have A Nice Life bezalako taldeak erreferente hartuz. Horiez gain, azkenaldian Bilbaok aipatu ditu Touché Amoré, Nick Cave, Narrow Head eta Sadfields artistak sarri entzuten ari dela eta disko berriaren sormen prozesuan eragina izan dutela.