Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest?

Labe barruan egosteko prozesuan dauden proiektuak dastatzeko prest? ZEA MAYS, ‘PAPEREZKO TXORIAK’ ETA ‘LERRO ETENA’ https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2019/02/07

Testua: Jaione Dagdrommer @hellehellei

ZEA MAYS, ‘PAPEREZKO TXORIAK’ ETA ‘LERRO ETENA’

 

ZEA MAYS

SUKALDARIAK: Aiora Renteriaren ahots ahaltsuari oraingoan ere Asier Arabek (bateria), Rubén Gonzálezek (baxua) eta Iñaki Imazek
(gitarra) lagundu diote.

EGOSTE DENBORA: 2019an zehar kantuan txukuntzen ibiliko dira lokalean eta uztailean grabatuko dute. Asmoa urriaren amaierarako argitaratzea da.

OSAGAIAK: 2018ko Durangoko Azokan iragarri zuten beren bederatzigarren lana bidean dela. Beteranoak dira mundu honetan eta hainbeste esperientzia eta abesti on pilatu ondoren badakite zertan dabiltzan. Berrikuntzarik ez digute aurreratu nahi izan baina beraien rock melodiatsu bezain indartsua bere horretan mantenduko dela ziurtatu digute.

ERREZETA: Laukotearen abestiren batekin katigatu ez den gutxi geratuko dira honezkero, Aiora Renteriaren ahots indartsu bezain goxoak liluratzen ez uzteko ahaleginak alferrikakoak baitira. Negua joan da eta abestia euskal klasikoen zerrendan sartu da merezimendu osoz baina oraindik beste hainbat abesti berrirekin gu liluratzeko inspirazioa soberan dute.

‘PAPEREZKO TXORIAK’

 

SUKALDARIAK: Miren Amuriza bertsolaria idazle moduan dator oraingo honetan, 2017an Igartza Saria irabazi ondoren.

EGOSTE DENBORA: Igartza Sariek bukatu gabeko proiektuak sariztatzen dituenez, 2018. urtea bere proiektuari forma ematen aritu da. 2019ko udaberrian ikusiko du argia eleberriak.

OSAGAIAK: Sabina izeneko andre bat du protagonista, baserri batean bizi den hirugarren adineko emakumea, nortasun handikoa bera. Suizidio saiakera batekin abiatuko da istorioa eta hortik senideen arteko harremanetan sakonduko du. Egun, oraindik ere tabua diruditen zaintza eta bakardadea bezalako gaiez ere arituko da. 

ERREZETA: Gehienok bertsolari bezala ezagutzen badugu ere, berriztarra euskal filologian lizentziatu da. Anboto eta Argia aldizkarietan kolaboratu izan du eta egun Berria egunkarian zutabeak idazten dihardu. Literaturari dagokionez aurretiaz zenbait ipuin argitaratu ditu eta Paperezko Txoriak izango da bere lehen nobela.

‘LERRO ETENA’

SUKALDARIAK: Angel Erro idazlea batez ere poesia munduan nabarmendu da baina oraingoan zerbait ezberdina dakar eskuartean.

EGOSTE DENBORA: Denbora erlatiboa dela esan digu: Hamalau urte darama proiektua idazten edo bakarrik lauzpabost hilabete,
auskalo! Dena den, udaberrirako argitaratuko dela baieztatu digu.

OSAGAIAK: Urteetan eguneroko, koaderno zein bestelako tokietan idatzitakoak azalduko dira. Testu guzti horiek josten ari da idazlea, batasun bat emanez. Errok azaldu digunez dietario baten forma izango du eta Lerro Etena deituko da egunerokoaren lerro jarraituaren estraktuak baitira, baina baita “Nia” denboran zeharreko lokailu ikusezin batek batzen duelako ere.

ERREZETA: Idazle burlatarrak poesia landu du batik bat. Halaber, Volgako batelariak izeneko literatura blogeko partaidea da. Horrez
gain, Berria egunkarian iritzi zutabeak idazten ditu. Oraingo honetan, poesiatik urrun beste inon jasoko ez dituen txatalak bildu ditu.