Kuxkuxeroak

Euskaldunak ziriak ateratzen abilak gara. Batez ere, sagardotegi garaian. Baina ziria sartzen ere ez gara atzera gelditzen. Batez ere, lagun bati sartu behar zaionean. Eta batik bat, hori, gero, Euskal Herri osoak ikusten duenean. Kuxkuxeroak baikara gu.
Mikelen taxiak alde egin zigunetik, ez genuen kamera ezkutuen programarik izan ETBn. Eta oraintxe dugu aukera berria: Kuxkuxero. Ilaski Serranok aurkezten duena. Egia esan, gustura ikusten da, broma ongi ateratzen denean. Oso gustura ere. Baina gustura, besteak diren artean. Gure burua ikustea egokitzen zaigunean, orduantxe komeriak! Beraz, badaezpada, badakizu, ez kasurik egin lan eskaintza arraro bat egitera datorkizunari, zure autoaren koloreagatik adarra jotzera datorren udaltzainari edo auskalo zein xelebreri. Seguru aski, broma izango da eta. Eta broma ez bada ? Izorra dadila.
Estitxu Fernandez ere aski kuxkuxeroa denez, beste ur batzuetan murgiltzera doa. Bi egunetan, lanpostua, familia, lagunak, bikotekidea, alegia, dena aldatu beharko da bere saio berrian. Gogorra zinez. Baina, norbaiti aldaketa gustatzen bazaio, ez ote da gogorragoa izango atzera bere bizitzara itzultzea? Tira, 48 ordutan ongi probestu badu, gaitzerdi.
Hala ere, nik proba bat egingo nuke. Beraiek hor ari dira jende guztiari ziria sartzen eta jende guztia aldaketara bultzatzen. Nik Estitxuri eta Ilaskiri proposatuko nieke beraien bizitzak bi egunetan trukatzea. Baina alferrik. Broma bat dela pentsatuko lukete eta.
Thierry Roland eta Jean Michel Larque

Uste dut ingelesek futbola asmatu baino lehen hasi zirela TF1-n futbol partidak komentatzen. Eta futbola desagertu eta gero ere segituko dute. Zenbat xelebrekeria ez ote duten esan. Eta esango. Bejondeizuela, estatua bat merezi duzue !
Ipar Euskal Herrian ez da deusik konprenitzen

Plazer emaiten du Xabier Euzkitzeri Ipar Euskal Herriko euskarazko hitz batzuen entzuteak. Baina lehen plazer bezain bat min hartzen dugu, gero, "Potxolo" kastillanoz mintzo delarik. Euskarazko telebista bat bakarra dugu, eta domaia litaike hola galtzen uztea.