Kutxi 103 etxearen defentsan

Kutxi 103 etxearen defentsan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kutxi-103-etxearen-defentsan/@@download/image/2011634247kutxi103_okupazioa.jpg
2012/12/13
berria
Kutxi 103 etxearen defentsan
Duela hamahiru urte etxeak desjabetzen zizkiela jakinarazi zien Gasteizko Udaletxeak Aiztogile kaleko hainbat bizilaguni. Gasteizko katedral zaharraren ingurua eraberritzeko planak gune turistiko eta komertziala aurrikusten zuen bertan. Duela bost urte zenbait gaztek 103ko eraikina okupatzea erabaki zuen etxebizitzen erabilera soziala eta auzoaren izaeraren defentsan. Kanporatze agindua iritsi zaie orain.

Kanporatze aginduak 103ko gazteei ez ezik 101eko lonja batean kokatzen den "Kutxitril Ateneo" lokalari ere eragiten dio. Eta baita 101an gelditzen diren azken bi bizilagunei ere. Desjabetzapenak hasi zirenetik gutxinaka etxeak hutsik geratuz joan dira, baina bi emakume hauek, Tomasa eta Elena, euren etxebizitzetan eustea erabaki dute agindu eta sasi-agindu guztiei aurre eginaz.

2006an 103a okupatu zenean talde baten izenean egin zen, "Kutxi 103" delakoa, eta aldarrikapen gisa. Auzotarren beharrak turisten beharren aurretik beharko luketela, auzoak bisitatzeko baino bizitzeko izan beharko lukeela defendatzeko. Gainera desjabeturiko etxeak urteak joan eta urteak etorri hutsik zeudela eta Fundazioak ez zuela proiektu konkreturik aurkezten utzi nahi zuten agerian. Gasteizko Gaztetxea, Alde Zaharreko Gasteiz Txiki Auzo Elkartea, Gasteiz Izan, Duinak, Elkartzen, CNT eta Segiren babesa jaso zuen ekimenak.

Bost urte beranduago kanporatze agindua heldu zaie. Proiektu zehatzik ez du aurkeztu Fundazioak oraindik. Eta auzotar gehienek jarrera berari eusten diote; auzoaren izaerari eutsi nahi diote, ez dute begi onez ikusten turismoa eta komertziora bideraturiko eraberritzea. Kutxi 103koek egin duten prentsaurrekoak Auzo Elkartearen eta Gaztetxearen babesa jaso du. Eta gutxinaka babes gehiago biltzen joatea espero dute.

Ostegunero 20:00etan kazerolada herrikoa burutuko da helburu horrekin Aiztogile kaleko 103. zenbakiaren aurrean.