Kutsatu ote gaitezke kalean kirola egiterakoan?

Dagoeneko hilabete igaro dugu itxialdian, eta askok geldi egotearen ezinegona sumatzen dute gorputzean; konfinamenduak gure osasunean beste gaixotasun batzuk ekarri ditzakeela aipatu dugu, eta horregatik, asko dira kirola egiteko baimena eskatzen dutenak. Bitartean, beste herrialde batzuetan, Frantzia edo Herbehereak kasu, korrika ala bizikletan ibiltzea baimendu dute. Kontua da, koronabirusarekin kutsatzeko arriskua ote dugu kirol horiek praktikatzeko orduan?
Urban Physics-ek kaleratutako ikerketak dioenez, arriskua altua da, batez ere, metro t'erdiko distantzia mantentzen ez bada; kirola egiterakoan listu tantak isuri ditzakegu, eta atzetik datorrenak airearen bitartez barneratu ditzake, birusa bereganatuz. Ikerketak gaineratzen duenez, kirola egiterakoan eragindako aire korronte horrek eragiten du arriskua, eta metro t'erdiko distantzia mantendu arren, kutsatzeko arriskuak airean jarraitzen du. Gutxienez 10 metroko distantzia iradokitzen dute, eta txirrindularitzaren kasuan, abiadura mantsotzea eta pelotoietan ez ibiltzea ere gomendatzen dute.
Ondorioa? Kirola egitea gure osasuna mantentzeko ezinbestekoa den arren, gaur egun oraindik arriskua altuegia da kirola egiteko baimenak luzatzeko, ezin daitekeelako bermatu distantzia minimoak mantenduko direnik. Etxean gelditu beharko dugu beraz.