Kutsaduraren noria

Kutsaduraren noria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kutsaduraren-noria/@@download/image/66p48-1_1365171267.jpg
2006/09/01
erreportajea
Nora Gurrutxaga Insausti. Haritzalde Naturzaleen elkartea
Kutsaduraren noria
Sortzen dugun horixe bueltan datorkigu. Ibaiak kutsatzeaz gain, beste hamaika kutsadura mota sortzen ditugu. Horrek guztiak, landareetan, animalietan eta bestelako izaki bizidunetan du eragina.

Nork ez du inoiz kutsadura ikusi bere herriko ibaian? Gehienok, soilik begibistako kalteekin lotzen dugu kutsadura. Kontua da, ekosistemak dinamikoak eta orekatuak direla, eta, kanpoko eragina jasatean, oreka hori hautsi, eta bertako bizitza erabat desager daitekeela. Hori ere kutsadura da.

Zerk ekartzen duen desoreka hori? Ibaiertzetako lurrak aberatsak direnez, lur horiek nekazaritzarako erabili izan dira hainbat urtetan. Baina orain, baserrien mundua gainbeheran dagoenez, etxebizitzak hirietatik kanpo eraikitzeari ekin diogu, eta, asko murrizten ari da urbanizatu gabeko lur kopurua. Lurrak urbanizatu behar horrek, astindu latza eman die ekosistemei.

Ibaiak ubideratzeak ere desoreka sortzen du ingurunean. Bi kalte mota bereizi behar dira: ibaiak bere kabuz jasan eta eraberri dezakeena, batetik; eta kanpotik eragindakoa, bestetik. Eta, kanpotik eragindako kaltea gaindiezina izaten da maiz.

Hala ere, industria da kutsadura eragile handienetako bat. Ibaiertzetan lantegiak eraikitzeko joera dago, eta ur-kontrol gutxi egiten direnez, ezin jakin hondakinak zein egoeratan isurtzen dituzten.

Joan den mendean, ur/aire-kutsadura eta hondakin solidoen metaketa ez ziren arazo, ezta biztanleria handiko hirietan ere. Egun, ordea, arazo bihurtu dira mundu osoan. Horren zergatia, teknologiaren alorrean egindako aurrerapenetan, industrializazio prozesu azkarrean, etenik gabeko biztanleria hazkundean, eta hirietako biztanle pilaketan egon daiteke. Finean, XXI. mendeko gizartearen arazo larrienetarikoa da kutsadura.

Lurra, hauskor

Atmosferatik eta uretatik energia iristen da lurrera; eta energia jasotzen duen lur horri esker ditugu nekazaritza, abeltzaintza, hirigintza, azpiegiturak eta gizartea bera. Baina, hala ere, lurra oso elementu hauskorra eta aldakorra da. Adibidez, gai arriskutsuek sortutako kutsadurak kalte handia egiten dio ingurumenari, eta beste hainbeste gertatzen da gai ez-biodegradagarriekin ere (hiri hondakinak, nekazaritza hondakinak, lurra ureztatzeko erabiltzen den ura, eta abar). Horretaz gain, higidura, konpresioa eta lurraren erabilpen desegokiaren eraginez, lurraren egitura eta kimikaren egitura aldatzen joaten da.

Atmosfera, jaso eta jaso

Trafiko zirkulazioko eta industrietako isuriak atmosferara iristen dira, eta ondoren, lurrera itzultzen dira berriro. Gainera, lurrera itzultzerakoan, gai kutsatzaile horiek leku batetik bestera ibiltzen dira gertaera klimatikoen eraginez. Beraz, tokian tokiko kutsadura kontutan hartu behar dugu, baina kutsadura hori ez da bakarra, mugaz gaindiko kutsadura ere badago eta. Esate baterako, 1.000 litro erregai atmosferara heltzen den aldiro, osagai hauek aireratzen ditugu: 290 kg CO2, 32 kg hidrokarburo, 11 kg NO2, 1 kg SO2  eta 1 kg Pb. Erregaiek aire-kutsaduraren  %10-15 eragiten dute.

Gainera, beste kutsadura mota batzuk ere sortu ditugu: argi-kutsadura, kutsadura akustikoa eta elektromagnetikoa. Izan ere, gizarte honetan bizi-kalitate ona nahi dugu nola edo hala, eta geure interesei begiratzen diegu ororen gainetik. Gainera, teknologia aurrerapenei esker, ongizate hori eskuragarri dugula barneratu dugu. Baina zer egin kutsadurarekin? Zer egin behar dugu gizarte osoaren inplikazioa lortzeko? Kontua da, interes ekonomiko handiak daudela arazo honen inguruan, eta inor gutxiri interesatzen zaiola aferari adarretatik heltzen.

Eragina, bueltan datorkigu

Leku bat kutsatuta dagoenean, izaki bizidunak izaten dira horren iragarleak. Likenek edo ornogabeek ingurunea zein egoeratan dagoen adierazten digute.

Landareetan, gai kutsatzaileak hostoen azalean geratzen dira, eta fotosintesia behar bezala gauzatzea eragozten dute. Izan ere, eguzkia ez da landareengana heltzen, eta, ondorioz, landareek gaixotasunak pairatzen dituzte.

Kutsadurak animaliei ere eragiten die, animalia asko landareez elikatzen baitira. Bai lurrean, bai itsasoan, animaliek gai kutsatzaile asko irensten dituzte, eta gai horiek euren organismoan geratzen dira. Eta noski, sare trofiko osotik pasatu ondoren, gu animalia horietaz elikatzen garenez... atera kontuak.

Gizakiari gauza bera gertatzen zaio; adibidez, fabriketan urtez luzez aritzen diren langileen kasuan, beharrezkoa da ingurumenaren azterketa zorrotzak egitea, minbizia eta antzeko gaixotasunak ekiditeko. Kutsadura beti bueltan datorkigula, alegia.