Kulunka konpainiaren 'Forever' antzezlanak bi Max sari irabazi ditu
Max sarien XXVII. edizioko irabazleek euren garaikurrak jaso dituzte Adan Martin Tenerifeko Auditorioan egindako galan. Kulunka konpainiaren Forever maskara antzerkiak jaso du saria eta Iñaki Rikartek eszena-zuzendaritzako Max saria lortu du, obra berarengatik.
Antzerki-egile onenaren saria Iñaki Rikarte, Garbiñe Insausti, Edu Carcamo eta Jose Daultek eskuratu dute. Bestalde, Natalia Huarte nafarrak emakumezko aktore onenaren Max saria jaso du, Sarah Kane britainiarraren Psicosis 4.48 lanagatik.
Izendatuta zeuden Larrua konpainiaren La casa vacía antzezlanak, Maria Goiricelaya antzerkigileak, eta Adriana Bilbaoren Zarra dantza ikuskizunak ez dute saririk lortu. Mar-Mar konpainiaren Arrainak bihotzean, Harrobia Dantza Bertikalaren Geure(r)a, eta Kukai Dantza Konpainiaren Yarin obrako interpreteek ere ez dute garaikurra etxeratu.
