Kulturgintza, aztergai

Kulturgintza, aztergai https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kulturgintza-aztergai/@@download/image/72p48_1_1364907765.jpg
2007/03/02
elkarrizketa
Gaztezulo
Kulturgintza, aztergai
Euskaraz sortutako kulturari buruzko graduatu ondoko programa eskainiko dute Mondragon Unibertsitatean datorren ikasturtean. Kulturgintzako protagonistak izango dira hizlari. 

Benito Lertxundi, Ruper Ordorika, Fermin Muguruza, Andoni Egaña, Anjel Lertxundi, Ixiar Rozas, Mariasun Landa, Antton Luku, Ander Lipus, Juan Antonio Urbeltz… Idazleak, musikariak, antzerkigileak, bertsolariak, folkloristak… Euskal kulturgintzako protagonistak. Eta irakasle, datorren ikasturtean, Mondragon Unibertsitatearen eta Arteola elkartearen Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduatu ondoko programan.

Hain zuzen ere, euskal kulturgintzaren ondarea datozen belaunaldiei nola transmititu aztergai izango dute aipatutako graduondoko horretan. Izan ere, antolatzaileek krisia somatu dute kulturgintzan: orain arte egindako bideaz gogoeta egiteko tokirik ez, transmisioa egiteko estrategiarik ez… Euskaraz sortutako kulturak, gaur egun, eragin txikiagoa ez ote duen ere susmoa dute.

Geroari begira

Horregatik, graduondokoan, lehenik, gogoeta egin nahi dute. Azken 40 urteetan, euskal kulturgintzari buruzko gogoetak izan dira, baina oso sakabanaturik iritsi dira gizartera. Gogoeta horiek bildu nahi dituzte, beraz, graduondokoan. Horrez gainera, transmisioa egiteko jendea prestatu nahi dute. Baita etorkizuneko belaunaldiei ondare hori guztia helarazteko estrategia zehaztu ere. Sustatzaileek diotenez, graduondokoa etorkizun profesionala arte munduan, kazetaritzan, hezkuntzan edo euskalgintzan ikusten duten gazteentzat izan daiteke interesgarria.

Programak 300 ordu inguru izango ditu. Klaseak astean behin izango dira, arratsaldez. Izena apirilaren 30era arte eman daiteke Eskoriatzako Huhezi fakultatean (kulturgintza@huhezi.edu helbidea edo 943 714157 telefonoa); ondoren, maiatzaren 1etik 15era arte egin beharko da matrikula. Prezioa 1.900 euro da.