Kulturarentzat leiho berri bat

Kultur proiektu bat aurrera eramateak beti sortzen ditu buruhausteak; zailtasun handiei aurre egin behar zaie, eta bide horretan bitartekaritza-tresna berriak eta eraginkorragoak eskaintzeko asmoz ireki dute Gipuzkoan K bulegoa. Donostian dago, eta kultur arloko edozein proiekturi aholkularitza emateko prest daude.
Eta zer egin dezake K bulegoak zure proiektua aurrera eramateko? Hauek dira eskainiko dituen zerbitzuak:
- Informazio lanak: informazio pertsonalizatua Kultura Zuzendaritza Nagusiaren deialdiei buruz; kontsultei erantzutea, eta, hala badagokio, bitartekaritza egitea Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardurapeko zerbitzuen aurrean (Kultura, Gazteria, Ogasuna, Berrikuntza…); eta informazioa ematea, hala eskatuz gero, Gipuzkoan kultura-jarduerak garatzeko eta ekoizteko dauden aukerei buruz.
- Bitartekaritza-lanak: lankidetza eta jarraipena Kultura Zuzendaritza Nagusiaren kultura-deialdietara aurkeztutako proiektuei dagokienez; laguntza eta aholkularitza Gipuzkoako eragileen kultura-ekimenetan; informazioa, eta, hala badagokio, bitartekaritza, Gipuzkoan kultura-jarduerekin zerikusia duten erakunde eta entitateekin. Zuzeneko harremana Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultura Saretzen sarean sartuta dauden eragileekin; koordinazioa, eta, hala badagokio, kanalizazioa, lurralde eremuan, hala eskatzen duten proiektuen inguruan.
- Sustapen lanak: askotariko kultura-ekimenak, zeintzuei aukera emango baitzaie ikus-entzunezko edukiak ekoizteko, beren jarduera ezagutarazi eta zabaldu dezaten.
- Sorkuntza-lanak: datu baseak eta informazio sistema; datu base bat sortzea eta mantentzea kultura-eragileentzat interesekoak diren deialdi publikoei buruz; datu base bat sortzea eta mantentzea kultura-eragileentzat interesekoak diren baliabideei buruz.
- Ikerkuntza eta prestakuntza lanak: jarraipena egitea Kultura Zuzendaritza Nagusiaren kultura-deialdien emaitzei, eta txosten kuantitatiboak eta kualitatiboak egitea haiei buruz; topaketa informalak, zeharkakoak eta mistoak antolatzea lurraldeko kultura-eragileen artean; materialak prestatzea proposamenak garatzeko eta horiek eremu desberdinetako instantzia ofizialetan aurkezteko (Gipuzkoa, Euskadi, Espainia, eta Europa); aztertzea oinarrizko zer prestakuntza-behar dituzten Gipuzkoako kultura-eragileek, eta, hala badagokio, jarduketa-plan bat prestatzea.
Interesa piztu dizu? Bada Donostiako erdialdean eskainiko ditu bere zerbitzuak, Errege Katolikoen kaleko 16an, hain zuzen (Komikigunearen eraikin berean), eta adi, arratsaldez ere zabalik egongo baita (11.00-13.00 eta 16.00-20.00). Telefonoa 943 113343 eta posta elektronikoa: kbulegoa@gipuzkoa.eus