Kukai Dantzak eta Jesus Rubio Gamok 'Txalaparta' ikuskizuna estreinatuko dute Donostian
Jesus Rubio Gamo koreografoaren eta Kukai Dantzaren arteko elkarlanaren ondorioz sortu da Txalaparta obra. Zazpi interprete errotiko dantzaren eta haiekiko ikuspegi garaikide baten arteko topaketak proposatzen duen espazio emozionalean murgilduko dira: "Lurretik sortzen den, orainean durundi egiten duen eta ahots eran euri-jasan erortzen den erritmoa, memoriaren eta geroaren eraikuntzaren artean eraikitako gorputzen gainean".
"Txalaparta jotzen duten horiek emandako kolpeek sortzen dute haren soinua, baina jotzeari utzi eta gero, inor ere ez da gertatutako soinuaren jabe: ezin da heldu, haren izaerak desafio egiten dio finkotasunaren ideiari, lantzen duen horren arima eraldatzen duen askapen bihurtzen da kolpea. Nor bere gorputza sakonago entzun eta hautematen da: hegaldi bihurtzen. Ekintzaren potentziak ugaritu egiten dira, eta agerian uzten dute gu geu garen materia-nahaspila askotariko hori", azaldu dute.

Jon Mayak zuzendu du lana eta Jesus Rubio Gamo arduratu da koreografiaz. Zuzendaritza artistikoa, berriz, bien artekoa izan da. Dantzari hauek parte hartuko dute emanaldietan: Alain Maya, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Izaro Urrestarazu, Nerea Vesga, eta Urko Mitxelena. Musika konposizioa Aitor Etxeberriak egin du.
Biharko emanaldia 19:30ean hasiko da, Victoria Eugenia Antzokian, eta igandekoa, berriz, 19:00etan. Sarrerak hemen eskura daitezke. Igandeko emanaldiaren ondoren, konpainiak ikuskizunaren inguruko xehetasunak azalduko dizkie bertaratuko direnei, antzokiko Club Aretoan. Topaketan Jon Maya eta Jesus Rubio Gamo egongo dira eta Andoni Mutiloak gidatuko du.
