[KRONIKA] Zorionak neskak!

[KRONIKA] Zorionak neskak! Igandean 30 urte bete ditu Donostiako Lilatoiak, marka guztiak hautsiz; 6.200 emakume parte-hartzailetik gora bildu ginen, kaleak ere gureak direla aldarrikatzeko. Giro aparta eta sororitatea ileak puntan jartzeraino, emakumeok espazio publikoa geure egin dugun asteburu bikainari amaiera dibertigarri eta ederra emateko. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kronika-zorionak-neskak/@@download/image/donostitik-lilaton-2019-003.jpg
2019/03/11
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti / Argazkiak: Santiago Farizano-Donostitik

Igandean 30 urte bete ditu Donostiako Lilatoiak, marka guztiak hautsiz; 6.200 emakume parte-hartzailetik gora bildu ginen, kaleak ere gureak direla aldarrikatzeko. Giro aparta eta sororitatea ileak puntan jartzeraino, emakumeok espazio publikoa geure egin dugun asteburu bikainari amaiera dibertigarri eta ederra emateko.
[KRONIKA] Zorionak neskak!

Aurten berezia izan da Donostiako Lilatoia; dagoeneko hiru hamarkada bete dira lehen aldiz emakumeei zuzendutako lasterketa herrikoi hau antolatu zenetik. Igandean 6.200 emakume parte-hartzailetik gora bildu ginen Bulebarrean, sekulako festa giroan, 30. Lilatoia korritzeko; zeinek pentsatuko zuen duela 30 urte marka guztiak hautsiko zituela 5 kilometroko proba txiki eta aldi berean erraldoi honek. 1990ean Donostiako Koordinadora Feministak antolatu zuen lehen Lilatoia, sarien berdintasuna, emakumeak kirola kalean egitera animatzea eta beste lasterketa mistoetan parte hartzeko bultzada izatea helburu. Lehen aldi horretan, 160 emakume bildu ziren, eta ez zuten ezta trafikoa moztu. Aldiz, igandean 1.000 lagunetik gora gelditu ziren itxaron zerrendan.

30 urte pasa behar izan dira emakumeok masiboki zapatilak jantzi eta kalera beldurrik gabe kirola egitera ateratzeko; igande honetan bizitako giroa ezin hobea eta erabat hunkigarria izan zen. Adin, baldintza eta mota guztietako emakumeak bildu ginen, eguraldi lainotsuak kikildu gabe, batzuk zira soinean, beste horrenbeste galtza motzetan... denak jai giroan. Hasteko, zunba beroketa eskaini zuten antolatzaileek Bulebarreko kioskoan; kirolarienek ordurako Kontxa pare bat aldiz pasata zuten korrika, ederki berotuta. Lasterketa 10:30ean hasi arren, Bulebar kalea gainezka zegoen ordubete lehenago.

Ibilbidean sartzen azkenetakoak izan ginen, arazo teknikoak medio. Antolatzaileentzat apunte bat: bi komun 6.000 lagunentzat eskas gelditzen da. Urduritasunak sortutako behar fisiologikoak aseta, orro artean hasi genuen lasterketa; aurrera! Nabarmena izan zen parte hartzaile uholdea hasieratik; lehen kilometroa igaro arte apenas izan genuen metro erdiko tartea gure artean. Bidean, jendetza aurkitu genuen animatzen; biziki eskertu genituen Artzai Onean, Kursaalen eta Grosen lasterketa girotzen topatu genituen batukadak.

Azken kilometroa izan zen gozoena; benetan hunkigarria da halako jendetzaren babesa sentitzea; semeak, aitak, bikoteak, anaiak, osabak, lagunak... txalo zaparrada artean, unean meta pasatzeko elkarrekin geunden guztiok eskuak hartu genituen, batera sartzeko. Itzela. Lasterketa amaitu zen, ez hala festa; ondoren etorri zen saririk onena, Lilapotea!

Lasterketak hartu dituen dimentsioak kontutan harturik, antolatzaileei esker ona ematea besterik ez da gelditzen; ea datozen 30 urteetan parte hartzeak gora egiten duen! Hori bai, datozen edizioetarako mesedez, kamiseten kontua konpontzea eskertuko genuke korrikalariok; neurriekin ezin asmatu ibiltzeak ez du justifikaziorik. Nola da posible S batek ume bati besterik ez balio izatea eta XXL batengatik apenas ezberdintasunik ez egotea? Bestalde, pena izan zen aurten 5 kilometro garbiak korritzeko aukera ez izatea, metroaren obrak medio; guztiarekin, ibilbidean laguntzen ibili ziren boluntarioen lana biziki eskertzekoa izan zen. Zorionak neskak!