Kriston zorte ona

Kriston zorte ona https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kriston-zorte-ona/@@download/image/67p8-1.jpg
2006/10/06
elkarrizketa
Kriston zorte ona
Bermeotarrak dira, eta uda hasieran, “Ni-zu-gu” izeneko lehen diskoa kaleratu zuten Roberto Iniesta kantariaren Muxik diskoetxearekin. Ordutik hona, gauzak ezinhobe joan zaizkie: abuztuaren 19an Turbonegro-rekin batera aritu ziren Bilboko Aste Nagusian, eta irailaren 2an, Pearl Jam taldearen aurretik jardun ziren Gasteizko Azkena Rock jaialdian. 

Extremoduro taldeko Rober Iniestaren Muxik diskoetxeak kaleratu dizue “NI-zu-gu” diskoa. Nolatan sortu da zuen arteko harremana?
Egia esan, nahiko modu xelebrean gertatu da dena. Grabaketaren lehen nahasketa Oskorriko Gorkarekin egin genuen, baina beste zerbait probatzea erabaki genuen, eta nahasketa berria egitea proposatu genion Txortx Etxebarrietari. Txortx Extremoduroko Iñakiren estudioan aritzen da, eta gure lana erakutsi zion. Azkenean, Iñaki diskoaren ekoizpenean inplikatzen hasi zen, eta horra ezustekoa: Roberto eta Iñakik zigilu bat sortu nahi zuten aspalditik, eta diskoetxeko lehen taldea izatea proposatu ziguten.

Zer moduzko harrera izan du diskoak?

Ez gara kexatzen, ia erabat ezezagunak ginen, eta irratiak eta prentsak atseginez hartu dute diskoa. Salmentak ere ez dira txarrak, eta, azkenean, disko honi esker, zuzenean jo ahal izateko aukera sortzen ari zaigu. Hori da garrantzitsuena.

Diskoaren "galleta" oso polita da, biniloari egindako omenaldi moduko bat al da?

Cd-ari binilo itxura ematearena Iñakiren ideia izan zen; Austrian horrelako gauzak egiten dituen enpresa bat ezagutzen baitzuen. Oroigarri antzeko bat da, rockaren historia biniloan idatzi baita, eta urte batzuetatik hona, biniloa betirako baztertu dugula dirudielako. Tamalez, merkatuaren indarra eztabaidaezina da. Aurrerantzean, baliteke Muxik zigiluaren cd-ek itxura hori izatea, eta diskoetxearen bereizgarri gisa erabiltzea.

Abuztuaren 19an, Turbonegro taldearekin jo zenuten Bilboko Aste Nagusian. Batere harremanik izan zenuten haiekin?

Kontzertua hasi baino lehen, ez genituen askorik ikusi; izan ere, aurreko gauean Amsterdamen jo zuten, eta parrandan ibili ziren. Beraz, Loiura iritsi, eta hotelera abiatu ziren zuzenean, lo egitera. Arratsaldean haien managerrarekin hitz egin genuen, oso morroi jatorra, eta kontzertuaren ostean, parranda elkarrekin egiteko esan zigun. Esperientzia gogoangarria izan zen, zer esanik ez. Turbonegrok jarraitzaile ugari ditu Euskal Herrian, eta haien teloneroak izatea ohorea izan zen. Era berean, hainbeste jenderen aurrean jotzea esperientzia berria izan zen guretzat, eta gogorra izan arren, asko ikasten da horrelakoetatik.