Kristauak gutxiengoa izango dira Europan

Europa kristautasunaren erdigunea izan da mende luzeetan, baina hegemonia hau ahultzen hasi da. Londresko St Mary's University eta Parisko Unibertsitate Katolikoak egindako ikerketaren arabera, belaunaldi berriek alboratu egin dute kontinenteko fede nagusia. Hala, soilik Polonian, Lituanian, Eslovenian, Austrian ala Portugalen aurkitu daitezke bere burua kristautzat duten gazteak.
Aldiz, ikerketak ondorioztatu du gainontzeko herrialdetako 18 eta 26 urte bitarteko gazteek beren burua ateo edo agnostikotzat dutela. Espainian, Danimarkan, Frantzian, Begikan eta Hungarian esate baterako, galdeketan parte hartutako gazteen %50 adierazi zuten ez zutela federik, eta Erresuma Batuan, Herbehereetan eta Txekian aldiz, %70 eta %90 bitarte.
Gauzak horrela, ehun urtetan Europa kontinente ez erlijiosoa izango da. Lehen aldiz 2.000 urteko historian, Europako biztanleak post-kristau garaia hasiko dute; ez da hala munduko beste hainbat txokotan. AEBetan, Hego Amerikan eta Afrikan kristau kopuru handiak daude; munduan, guztira 2.000 milioi kristau daudela kalkulatzen da.