Krisiari buruzko "Kaleko garrasia" zikloa Bilbon

Krisiari buruzko "Kaleko garrasia" zikloa Bilbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/krisiari-buruzko-kaleko-garrasia-zikloa-bilbon/@@download/image/20111064508kaleko_enenitxiera.jpg
2012/12/13
berria
70eko eta 80ko hamarkadetako krisiekin alderatuko dute egungoa, alderaketatik lezio batzuk eta ekimen berriak sor daitezkeelakoan.

Urriaren 28tik urtarrilaren 8ra bitartean programazio interesgarria antolatu dute Bilboko Alondegian. Kaleko Garrasia jarri diote izena zikloari, eta egun bizi dugun egoera sozial, ekonomiko eta politiko nahasiaren inguruko gogoeta bultzatu nahi dute, 70eko eta 80ko hamarkadetan bizi izandakoa abiapuntutzat hartuz.

Ikuspegi ezberdinetatik eta formatu anitzetan landuko da gaia. Alde batetik, eztabaidarako hiru jardunaldi antolatu dituzte, 70eko hamarkadatik gaurdaino bizi izandako bilakaera (ekonomia, soziologia eta kultur azterketak) aztertzeko. Besteak beste, Miguel Boyer Ekonomia ministro ohia, Alain Touraine soziologoa, Andre Martin nobela beltzaren idazlea edo Udiarraga Garcia HIESaren kontrako aktibista arituko dira hizlari moduan.

'80ko Kinkiak. Zinema, prentsa eta kalea' erakusketa izango da beste elementu garrantzitsu bat. Krisiak dela-eta baztertua, kalean, lapurreta txikiak eginez eta drogarekin saltseatuaz bizirauten zutenei zeritzaien kinki. Eta zine kinkia garai hartan ezagun egin ziren jite horretako pertsonaiei buruzko korronte bat da. 1978tik 1985ra bitarteko filma mordoxka bat eskainiko dute eta baita garai hartako egunkari, komiki, binilo, horma-irudi, kromo edo hirigintza planoak jasotzen dituen erakusketa ere.

Azkenik kontzertuekin eta musika-ikuskizunekin osatuko da Kaleko Garrasia: Disko Forumean La Venta de Borja arituko da urriaren 28an, eta Roberto Moso abenduraren 15ean.

Marxen 'Mundua aldatu' eta Rimbauden 'Bizitza Eraldatu' dira zikloaren leloak. Krisi garaiak ez dira txarrak bide horretan aurrera egiten hasteko.