Kratoma, ehunka urte dituen droga berria

Kratoma, ehunka urte dituen droga berria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kratoma-ehunka-urte-dituen-droga-berria/@@download/image/drogak2_1425560608.jpg
2015/03/11
erreportajea
Testua: Maitane de Anitua. Ai Laket!! Elkartea
Gero eta droga gehiago dugu gure artean; ez soilik kimikoak, baita naturalak ere. Kratoma dugu azken horien adibide. Asiako zonalde batzuetan aspalditik da
ezaguna, eta azkenaldian munduko beste hainbat txokotara zabaltzen ari da.

Kratom izeneko zuhaitza, batez ere, Tailandian, Malasian eta inguruko herrialdeetan hazten da, eta bere hostoak antzinatik erabili dira ondorio bizigarri eta narkotikoak lortzeko. Gaur egun, baina, hainbat herrialdetan legez kanpo jarri dute, besteak beste AEBak, Australia, Brasil, Danimarka, Errumania, Errusia, Finlandia, Norvegia, Suitza, Tailandia, Turkia edota Zeelanda Berrian.

Kratomak, edo Mitragyna Speciosa-k, mitragina du printzipio aktibo nagusi, eta azkenaldian oihartzuna izaten ari da aisialdi giroan; oraindik substantzia honen inguruan hutsune informatibo handia dagoen arren. Bestalde, kratom hostoetatik aparte, erretxina formatuan ere har daiteke, ‘kratom opio’ gisa ezagutzen dena. Hau eskuratzeko, hosto txikituak urarekin Maria bainuan egosi behar dira, gutxienez sei orduz. Ondoren, iragazitik pasa eta belarra alboratu ostean, geratzen den likidoa berriz jarri behar da Maria bainuan goma-antzeko hondakina lortu arte; horixe da aipatutako kratom erretxina.

Hostoetako alkaloideek garuneko opiazeo errezeptoreetan eragiten dute. Aho bidez hartutakoan eraginak 5-15 minutura hasten dira nabaritzen, eta bi ordutik sei ordura arte iraun dezakete. Dena den, eragina aldakorra da dosiaren arabera; dosi txikietan bizigarria izan daitezke, eta dosi handietan narkotikoa. Hala ere, eragina dosifikatzerako orduan kontutan hartu behar dira hostoen freskotasuna eta landare bakoitzaren potentzia, hosto freskoak eta moztu berriak orokorrean lehorrak baino potenteagoak direlako, onddo psilozibeen kasuan gertatzen ez den bezala.

Arriskua murriztu eta nahi ez diren eraginak saihesteko, komeni da dosi txikiekin hastea. Dosi handitan kontsumitzen denean goragalea, gonbitoa edo disforia eragin ditzake, baita idorreria ere. Bestetik, maiztasunari dagokionez, adituen arabera, komeni da Kratoma sarritan ez hartzea, menpekotasunaz aparte argaltzea edo loezina ere ekar ditzakeelako. Gainera, maiz hartzen denean azala ilundu dezake, batez ere masailetan.

Azkenik, kratoma eskuratzeko Internet baliatuz gero, kontutan izan behar da kalitate ezberdineko hostoekin topo egin dezakegula, eta beraz, kasu horretan, are garrantzitsuagoa da pixkanaka kontsumitzea. Substantzia honen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, Ai Laket!! elkartearekin harremanetan jarri zaitezke, edo kratom.es edota erowid.org web orriak kontsultatu.

Kratoma



Jatorrizko izena: Mitragyna Speciosa.
Printzipio aktibo nagusia: Mitragina.
• Formatuak: Hostoak eta erretxina edo ‘kratom opioa’.
Dosiaren araberako eragina: Bizigarria edota narkotikoa.
Arriskuak murrizteko oinarrizko neurria: Erabili aurretik ondo informatu.